HIZKUNTZEN EUROPAKO EGUNEAN ARRETA HANDIA ESKATZEN DUGU HIZKUNTZA GUTXITUENTZAT

| 24 septiembre 2020 | Responder

Europako Parlamentuan Gutxiengo Tradizionalen, Komunitate Nazionalen eta hizkuntza gutxituen Taldeartekoa osatzen duten hirurogeita hamar diputatuek adierazpen bat argitaratu dute zeinetan hizkuntza gutxituen erabilera bermatzearen garrantzia nabarmendu duten. Euroganberako kideek gogoratu dute COVID-19a bereziki kaltegarria izan dela hizkuntza hauetan eginiko kultur adierazpenentzat, eta eskatu dute ohiko zein ezohiko egoeretan bermatu dadila hizkuntza hauen erabilera. “Orduan baino ezin izango dugu esan Europako hizkuntza guztiek jasotzen dutela denek merezi duten begirunea”.

Nik aspimarratzen dut hizkuntza hauen hiztun bezalakoa Europako Batasunaren goiburua da `Aniztasunean elkartuta´. Hizkuntza horien hiztunok ideia hori biziki estimatzen dugu, baina esan behar dugu sarri askotan ez duela Europan dagoen aniztasun osoa hartzen. Batasunaren hainbat programetan hizkuntza gutxituetan eginiko kultur produkzioak zigortzen dira estatu kide baten lurralde osoan ofizialak ez direlako. Horrek ez dauka zentzurik. Gure taldeartekoak lan egiten du arazo hori konpontzeko.  `Minority Safe Pack´  bezalako ekimenekin lan egin genuen legeria loteslea egon dadin Europako lurralde osoan hizkuntza horien hiztunen eskubideak bermatzeko. Eta hizkuntza horiek gauzatzen eta adierazten dituzten kulturak Batasunaren programetan jasotzea eta Europako instituzioetan aintzat hartzea nahi dugu, Europaren aniztasunaren funtsezko parte direlako. Elkartuta bai, baina gure aniztasun osoan. Euskara, katalanera, frisiera, galesa,  okzitaniera, korsikera, Europaren aniztasunaren parte dira.

Gutxiengoen taldeartekoak plazaratu berri duen komunikatuan nabarmentzen duenez “Hizkuntzek Europa definitzen dute, forma ematen diote gure garapenari eta bizitokia dugun herrialde eta erregioekin lotzen gaituzte. Hizkuntza bakoitzak berarekin dakar ezagutza historiko,sozial eta kultural bakarra, baita giza esperientzia eta munduaren ikuskera bakarra ere. Gure ondare preziatua dira”. Horregatik uste dute irailaren 26, Hizkuntzen Europako eguna, une egokia dela “Europaren aberastasuna eta kultur aniztasuna ospatzeko, proiektu europarra eraikitzeko funtsezko balioa delako. Egun horretan aldarrikatzen dira Europako beste hizkuntza batzuk ikasteak dakartzan abantailak, hizkuntza horiek gordetzen dituzten kultura berriak deskubritzeko eta munduari buruzko ikuskera berriak ezagutzeko. Eleaniztasuna bezalakorik ez dago elkarrekiko ulermena sustatzeko eta sormena eta berrikuntza hauspotzeko”.

Baina efemeride hau “hizkuntza gutxituak eta gutxien erabiltzen diren hizkuntzak sarri askotan egoera hauskor eta ahulean aurkitzen direla agerian uzteko eta hizkuntza horiek aintzat hartzeko,babesteko eta elikatzeko beharra aldarrikatzeko” baliatu nahi izateaz gain, Taldearteko honetako diputatuek uste dute pandemiak “beste arazo berri batzuk planteatu dituela, orain arte eginiko ikerketek erakusten baitute gutxiengo nazionalen eta hizkuntza gutxituen komunitateen erdiak ez dutela osasunari buruzko oinarrizko informazioa jaso beren ama hizkuntzan. Gutxiengo edo hizkuntza talde hauetako umeek are zailtasun handiagoak izan dituzte hezkuntza beren ama hizkuntzan jasotzeko, beste umeekin alderatuta. Halaber, hizkuntzen dimentsio txikiagatik, hizkuntza gutxituetako hedabideak eta kultur ekintzak nabarmen kaltetuak izan dira pandemiaren eraginez. Desberdintasun hauek guztiek argi eta garbi erakusten dute oraindik asko dagoela egiteko Europako Batasunean zein nazio mailan, hizkuntza eta kultura gutxituen babesa eta sustapena bermatzera begira”.

Ondorioz, Euroganberako Gutxiengoen Taldeartekoak aldarrikatzen du hizkuntza horiek babestu beharra dagoela “bereziki garai latzetan. Ulertzen dugu talde gutxitu tradizionalen eta komunitate txikien hizkuntzen erabilera babestu beharra dagoela agintari publikoen aldetik hezkuntzan eta kultur bizitzan, eta Europako Batasunaren Estatu kide bakoitzean  erabili ahal izatea bermatu beharra dagoela, ohiko zein ezohiko egoeretan. Horrela baino ezin izango dugu esan Europako hizkuntza guztiek jasotzen duela denek merezi duten begirunea”.

ERDERAZKO BERTSIOA

 

 

Tags: , , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario