ZAHARTZE AKTIBOA. ESPERIENTZIAREN BALIOA
Aste honetan eztabaida benetan interesgarria izan dugu Estrasburgon. Europa zahartzen ari da. Izan ere, orain arte eginiko kalkuluen arabera, europar herrialde askotako jaiotze tasa benetan aldatu ezean, mende honetako berrogeita hamargarren hamarkadako biztanleen bataz besteko adina berrogeita hamar urtekoa izango da. Euskadi da Europa osoan jaiotze tasarik baxuena duen europar erregioa. Ez gara heltzen ezta erreposiziorako gutxieneko tasara ere, eta gauzek bere horretan jarraitzen dute.
Errealitate honi erantsi behar zaio bizitza itxaropenak ere gora egin duela. Azterketa serioek esaten dute mende honen hasieran jaio diren pertsonek ehun urteko bizitza itxaropena gaindituko dutela. Oso nabarmena da zentzu horretan eman den aurrerapausoa, eta Euskadin laurogeiko zifra gainditu dugu jadanik.
Joera honek funtsezko bi kontu planteatzen ditu. Kontinente osoko gizarte segurantzako sistemak ez dira egoera honetarako kalkulatuta egon. Zati handi batean, gainera, belaunaldien arteko solidariotasunerako tresna gisa pentsatu ziren. Espainiar sisteman, esate baterako, gaur egun kotizatzen dugunok erretiratutakoen pentsioa ordaintzen ari gara. Honi eransten badiogu bizitza itxaropenak gora egingo duela eta kotizatzaile berriek beren enpleguetan baldintza okerragoak dituztela, guztiz derrigortuta gaude sistemaren etorkizunaren gaineko hausnarketa serioa egitera.
Ezer baino lehenago hartu behar den lehen neurria da kalitatezko enpleguak sortzen hastea, eskubidedunak. Bigarrena da lan merkatuaren hobekuntzak jaiotze tasaren gorakada ekartzea eta gobernuei demografia igotzeko politikak ezinbestekoak direla ulertaraztea. Hirugarrena ere argia da, egoera hau ikusita, Europak pertsona asko beharko dituelako jaiotze tasa baxuak eragiten duen krisi larri hau konpontzeko.
Baina, panorama honen bigarren alderdia da azken aldi honetan askotan planteatu eta entzun ez dena. Gure gizartean gaztetasuna neurrigabe mitifikatuta dago. Gazteen indarra funtsezkoa da, bai, baina historiak erakutsi digu lehenagokoen eskarmentua mesprezatu duen gizarteak ez direla aurrera egiteko gai izan. Eta, ideia horietaz hitz egin dugu aste honetan Estrasburgon, 2012 urtean zahartze aktiboari dedikatu zitzaion urtearen balantzea egiterako orduan.
Balantzeak egiteko ordua izan da, eta esperientzia horren ondorioak jasotzen dituen agiriak aitortzen du gai hori europar agendan sartu dela. Baina bide luzea egin behar dugu oraindik zahartze aktiboa bultzatzeko egitasmoak finantzatzea inbertsioa dela uler dezagun. Ezagutza batzuk jardun profesionalean baino ezin dira hartu. Eskarmenturik gabe ez dago aurrera egiterik. Gainera, bizitza itxaropenaren igoerak eta ahalmenak,gaitasunak eta behar espezifikoak dituzten adinekoen pertsonek boluntariotza berria ekarri du gizartera. Zilarrezko ekonomia, adin tarte horretarako ondasun eta zerbitzu berezien kontsumora lotuta, enplegu eta berrikuntza iturri bihurtu da jada. Azken finean, gizartea eta ekonomia, adinekoen balio handiaz jabetzen ari dira.
Estereotipoak borrokatu behar ditugu. Politikari eta herritar argiak behar ditugu, etorkizunera begira aldaketa demografikoari eta bere ondorioei zuzentasunez ekin beharko diogula ulertuko dutenak. Soberan daude,jada, 2050 urtean bataz beste 50 urteko adina izango duen hiritargoarentzako egitasmoei «gastu» izena ematen dioten kontulariak.
Category: Blog