EUROPA ERAGINKORRAGOA ETA INTELIGENTZIA GEHIAGO NAZIOARTEKO TERRORISMOAREN KONTRA

Guy Verhofstadt Euskadin egindako askenengo bisitan.

Guy Verhofstadt Euskadin egindako askenengo bisitan.

Guy Verhofstad gure taldeko presidenteak ta neuk  bortzakeria ta nazioarteko terrorismoariburuzko hausnarketa prestatu dogu. Orain dela aste bat «Grupo noticias» egunkarietan erderaz argitaratu genuen. Gaur hemen euskeraz. Azken aste hauetan biderkatu dira  nazioarteko terrorismoaren mehatxua aztertzera eta haren kontra egiteko neurriak proposatzera bideratutako gailurrak, bilerak eta era eta molde guztietako ekimenak. Estatu kideetan ere hasi dira egoera berriari aurre egiteko mugimenduak. Batasuna osatzen duten gobernuetako buruek eta erakundeek aurrera begiratzea dute beharrezko. Eta terrorismoaren kontrako borrokari eraginkortasun osoz ekiteko orduan, ALDE talde hau hurrengo bost urratsak proposatzera dator:

Lehenengo eta behin, Batzordeak EurIntel sortzeko proposamena aurkeztu beharko luke, estatuetako inteligentzia zerbitzuen plataforma izango zena, mehatxu terroristen inguruko informazioa partekatzeko eta elkarren artean trukatzeko. Estatu kideek derrigortuta egon beharko lukete deliturik larrienekin eta mehatxu terroristekin zerikusia duten informazioak partekatzera. EuroIntel horren oinarrian egon liteke gaur egun EB barruan inteligentzia partekatzeko dadoen azpiegitura, eta egitura hori Europol-en islatu beharko litzateke. Lege oinarri sendoa ere behar du, hiritarren eskubideak babesteko bermeak eta «nazio segurtasunak» suposatzen duenaren zehaztapen argia barne.

Bigarrenez, EB-k legeak aplikatzeaz arduratzen diren talde eta tresnak estimulatu beharko lituzke. Estatu kideek Europol horretarako esparru berriari buruzko akordioa adostu beharko lukete albait arinen, Europan polizien arteko lankidetza indartzerik izan dezagun. Europol-entzat ere oso lagungarria izan liteke bere instalazioetan terrorismoaren kontrako europar egoitza osagarria izatea. Une hauetan ez dago behar besteko tresnarik, eta oso informazio eskasa jasotzen da Estatu Kideen aldetik.

Europa mailako lege markoa hobetzea ere bada funtsezko elementua barne segurtasun politika sendoa izateko. Batzordea babesten dugu Eurojust agentziaren botereak bultzatzeko egiten duen ahaleginean. Europar fiskaltza bat eratzeko lanak bizkortu behar dira, eta fiskaltza horren figurak agintaldi luzeagoa izan lezake kategoria berriak barnean sartzeko, terrorismoa, esate baterako.

Ez da gudarik irabaziko, gatazka elikatzen duten oinarriak irauli gabe. Horregatik, terrorismoaren eta erradikalizazioaren zioak zehaztu beharrean aurkitzen gara. Nazio mailan, prebentzio estrategiak behar dira  erradikalizazio eta muturkeria sortarazten duten eragile ezberdinei aurre egiteko. Bruselatik, Batzordeak europar estrategia bideratu behar du terroristek egiten duten propagandaren, erradikalen sareen eta Internet bidezko erreklutatzearen kontra egiteko. Estatu kideen aldetik ezinbesteko dugu krisialdiak sortarazten dituen marjinaltasun sorburuak aztertzea eta desagerraraztea. Pertsona batek galtzeko ezer ez duenean, erakargarri egin dakioke irtenbiderik ez duen kausa bat, terrorismoa kasu. Azken atentatuei buruz eginiko azterketak oso datu interesgarriak eskaintzen ditu  bizitzako momentu batean aldendu ziren erkidegoan etorkizuna bilatu beharrean, gizartea deuseztatzea erakargarriago ikusi duten pertsonen inguruabar psiko eta sozio-ekonomikoen inguruan.

Amaitzeko, guk aurreikusten dugun bide orrian ere sartzen dira kanpo aldeko kontu batzuk. Nazioarteko terrorismoaren iturriak EBren kanpo politikaren esparruan sartzen dira. Aukera handiak daude terrorismoaren kontrako borrokan,EB-tik kanpoko herrialdeekin lankidetzan aritzeko,Turkiarekin bereziki. Baina estrategia horiek hitzez hitz bete behar dituzte giza eskubideen nazioarteko arauak.

Azken finean, inteligentzia zerbitzu gehiago eta hobeak.  Europa eraginkorragoa, eta ez ahulagoa. Erantzuna bai, baina ez hori bakarrik. Prebentzioa ere behar da. Behetik gora eraiki behar den politika. Eskuragarri dauden baliabide guztiak integratzeko lan sistematikoa. Ekarpenik ez da mesprezatu behar, are gutxiago eragotzi. Eta, ataza honetan, esateko asko dute Europa osoan ikerketa kriminalaren esparruan ari diren segurtasun indar guztiek. Funtzio honek derrigortzen gaitu nazio segurtasuna seriotasun osoz eta sektarismorik gabe  zehaztera, eta errealitatean oinarrituta egin behar da, ez erakundeen aurreiritzietan edo bestelakoetan oinarrituta. Aurreiritzi horiek baitaude, gaur egun estatu askotan eta Batasun osoan  ematen den deskoordinazioaren eta eskuragarri dauden datuen aprobetxamendu okerraren sorburuan.

Azkenik, azken aipamen bat egin beharko litzateke  eztabaida honetan horren presente ditugun askatasunaren eta segurtasunaren inguruan. Europa  Demokrazia eta Giza Eskubideekiko errespetua da. Gure askatasunen kontra eginiko erasoei ezin diegu askatasunak murriztuaz erantzun. Kostata lortu ditugu askatasun horiek. Eta, zalantzarik barik, askatasunez bizitzeak  hobe egingo gaitu. Askatasun  guztiak desagerraraztea da terrorismoaren helburua. Horregatik eskuduntza eta ahalmen gehiago eskatzen ditugu  europar erakundeek berma dezaten estatu kide guztiek Kopenhageko irizpideak betetzen dituztela. Ez da erraza, behin baino gehiagotan ezinbesteko egiten delako atzamarra zauri gainean jartzea. Europak tresnak behar ditu estatu kideek Oinarrizko Eskubideen Karta edo Estrasburgoko Epaimahaiaren Jurisprudentzia urratzen dituzten erabakiak   hartzen dituztenean, erabaki horiek zuzentzeko. Hori da, hain zuzen,  iragan den otsailaren 11n Estrasburgon Europar Parlamentuan askatasunei eta segurtasunari buruz egin genuen eztabaidaren ondoren hasi dugun bidea. ALDE taldeak ahalegin horretan eskaintzen du Europan gobernu demokratikoa gauzatzeko Ituna lortzeko proposamena.

Luzea eta korapilotsua izan daiteke mehatxu terroristari aurre egiteko bidea, baina okerrena litzateke azken xedea kaltetzea besterik ekarriko ez duten lasterbideak asmatzea eta,ondorioz, gure demokraziaren kalitatea murriztuko luketenak. Lasterbide horien artean daude oinarrizko askatasunak mehatxatuko dituzten lege erreformetan tematzea eta mesfidantza sustatzea edo koordinaziorik eza sortaraztea,  beren izaeragatik eta baliabideen, lan, profesionaltasun, gaitasun eta dedikazioagatik elkarrekin jardunez gero, gure  segurtasuna hobetzeko moduan egongo liratekeenen artean.

Tags: , , , , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario