ESCOLA VALENCIANA ANIZTASUN BERMATZAILE
Gehiegitan gertatzen zaigu inguruan dugunari ez begiratzeak, historia ez ezagutzeak- eta batzuetan gure historia hurbila ere ez dugu ezagutzen- eragiten digula daukaguna bere neurri egokian ez baloratzea. Hausnarketa hori etorri zitzaidan burura lehengo egunean, Escola Valenciana Fundazioko kideei entzun nienean. Escola Valencianako kideek Europar Parlamentuko Gutxiengoen Intertaldean eman ziguten beren egoeraren berri. Jaime Fullana eta Emili Gaskok alde batetik poztu baina beste alde batetik tristetu egin ninduen historia kontatu ziguten. Pozteko gauza da da, logikoki, valentziar hizkuntza zaintzea, berreskuratzea, bultzatzea eta eraikitzearekin zerikusia duena. Bigarrena, ordea, itxikeriaren eta erkidego hartako gobernuko agintariek beren hizkuntza babesteko lanari eragiten dioten blokeoaren eta jartzen dizkioten eragozpenen fruitua da. Agerraldi hau Kompromis-en Europako legebiltzakide Jordi Sebastianek antolatu zuen.
Historia honek paradoxa ikaragarria du bere baitan. Valentziako Generalitat-a, europar ondare hori desagerrarazteko duen helburuan tematuta dagoen hori, duela urte batzuk kontinente mailako eskandalua sortarazi zuen valentziarra, hizkuntzalariek kontrakoa esaten duten arren, hizkuntza propioa zela defendatzean, catalunyarraren dialektoa dela egiaztatuta dagoela ulertu gabe. Burugogorkeri hartatik suposa liteke horren estimatua eta maitatua den zerbait defendatzeko politikak egingo zirela. Zoritxarrek, argi eta garbi ikusi izan dugu kanpaina hori, helburu kulturalekin baino, asmo politikoarekin egin zela . Orduan ere, hizkuntza, besteen kontra egiteko armatzat erabili zen, pertsonen arteko komunikaziorako duen funtzioagatik defendatu beharrean. Dena dela, esanak esan,zientzia aldetik ez dago inolako zalantzarik.
Horregatik ere, valentziar hizkuntzaren alde horren termino «metafisikotan » egin izana ez dator bat Valentziako gobernuak egoera errealean aplikatzen dituen politikekin. Horrekin ere ez dute lortu pertsonek,politikaren benetako helburua diren horiek, amore ematea. Valentziar gizon eta emakumeek beren hizkuntza maite dute, jakin badakite europar ondare kulturalaren zati bat dela eta kultur eta hizkuntza esparruan kokatuko genukeen tradizio baten barruan dago; gainera,hiztun kopuruari dagokionez, hamargarren tokian dago Europako hizkuntzen zerrendan. Ez dute etsi nahi eta Escola Valenciana moduko elkarte eta fundazioen bidez ari dira erkidego hartako gobernuak egiten ez duena egiten eta gobernuaren ardurakoa denaz arduratzen.
Jaime eta Emiliren azalpena benetan bizia, didaktikoa eta motibatzailea izan zen.Bizia izan zen konpromiso irmoa antzeman zitzaielako. Lan bat baino gehiago, bokazioa baino gehiago, bizitzarako egitasmoa baino gehiago , Europari egiten zaion ekarpena da, kontinente osoa erreferente izan dadin aniztasunarekiko eta gizakien oinarrizko eskubideekiko errespetuan. Kausa hau, azken finean, Europa osoarena delako.
Didaktikoa izan zen, funtzionatzen duten eta,gazteak beren hizkuntzaren inguruan elkartzen dituelako, motibatzen duten esperientzia asko erakutsi dizkigutelako . Valentziarrez eginiko produktuak daude hizkuntza indartsuagotan eginiko kultur produkzioekin lehiatzen direnak; topaketak, lehiaketak, festibalak, antzerkia, zinema, Material pedagogikoak euskarri guztietan eta, azken finean, valentziarrez bizitzeko aukera. Kalea dago, pertsonak ere bai, eta horri lotuta dago aurrera egiteko urratsa eman duen errealitate dinamiko eta ekintzailea.
Motibatzailea ere izan zen, halako jarduerek pertsonengan dugun fedea indartzen digutelako, fedea politikan, bere zentzurik ohoragarrienean. Eta, nola ez, gogora ekartzen digute Euskadin Francoren denboran horrenbeste Ikastola eraikitzera eraman gintuen aktibismo hura. Gaur, horietako asko arrakasta handiko ikastetxeak dira Euskadiko herri eta hirietan. Bide horretan ere, Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika erreferente bihurtu da Europa mailan.
Escola Valenciana-k Europan, tolerantzia eta errespetu eredu horretan ikusten du bere kausaren alde egiteko aukera. Pentsamolde berekoak gara gu. Betidanik izan gara europar federalismoaren aldekoak. Teorizatu dugu eta praktikatzen saiatu gara, lehen eta orain. Itxaropentsu begiratzen diogu Europari. Eta, itxaropen horrekin ere, Jaume eta Emilik gutxitutako hizkuntzei buruzko europar zuzentaraua aldarrikatu zuten hemen. Azalpena egin duten Intertalde horretan lan handia egin dugu hitz ederrak, adierazpenak, nazioarteko itunak eta bestelakoak legeria lotesle bilaka daitezen. Europarrok behar dugu hori, berrogeita hamar milioitik gora pertsonek, nazio gutxiengoren batekoak garenok.Bereziki behar dugu hori estaturik ez dugunok. Ez baita gauza bera Suediar gutxiengoko finlandiarra edo bere giza talde propioa duen euskalduna, nazio nortasuna ukatzeaz gain, nortasun horren existentzia ukatzen dion estatuan bizi dena.
Bada garaia, estatuek orain dela hogei urte izan zirena ez direla, eta itzuliko ez denarekin amets egiterik ez dagoela uler dezaten. Panorama irekiagorantz abiatu behar dugu eta nortasuna beste eskubide bat izan dadila, eta ez pertsona giza dagokigun eskubide katalogoa baliatzeko giltza . Emakumeak, gizonak eta pertsonak gara, valentziar, euskaldun,espainiar, norvegiar edo europar baino lehenago. Ez da horren ulertezina.
Gobernuaren ordezkariren bat Euskadin legebiltzarkide izan zen garaian saiatu zen euskaldun sentitzen zen diputatua legearen indarrez beste gauza izatera derrigortzen. Alderdi berekoa da Valentzian sinboloen lege zorrotza egin nahi duena, ikastetxeetan valentziar hizkuntzaren irakaskuntzari kasu egiten ez dion bitartean. Airean eraikitako horrenbeste gaztelu, horrenbeste itxurakeria eta plantekin ere, kultura hori, tradizio hori babestuta dago, besteak beste, Escola Valenciana erakundearen ekimenari esker .
Category: Blog