OHITURAK ALDATZEA, SEIHILEROKO ORDU ALDAKETEKIN AMAITZEA BAINO PREMIAZKOAGOA
Azken aste hauetan boladan jarri da ordu aldaketaren gaia. Izan ere, litekeena da hurrengo urteko martxoan amaitzea udako ordutegiaren eta neguko ordutegiaren arteko dantza hori.Hamarkadak daramatzagu hori egiten. Europa osorako araudi batek, 2000 urtean onartutako zuzentarauak, aldaketa hauek guztiak arautzen ditu Batasuneko herrialde guztietan aldi berean egin daitezen. Petrolioaren lehen krisiarekin hasi ziren, energia aurrezteko helburuarekin. Hamarkada batzuk geroago,ematen du aurrezpena oso txikia dela eta,alderantziz,ondorioak nabariak direla pertsonen osasunean, hasieran pentsatu baino maila handiagoan,gainera.
Baina, nire aburuz, eztabaida honek ekarri duen gauzarik onena da beste gai bati buruz hitz egiteko aukera emango digula, eta gai hori Espainiako estatu barruan behintzat, ordu aldaketa baino garrantzitsuagoa da. Etxez kanpo ematen ditugun orduen kudeaketaz ari naiz. Espainiako ordutegia katastrofe eta anabasa ikaragarria da familia bizitza edo bizitza pertsonala lanarekin uztartzeko orduan, ordu aldaketa bedeinkatu hori eman zein ez. Estatuan arazorik handiena ez da sei hilero egiten den ordu aldaketa,baizik eta egunean zehar egiten den antolaketa, nire ustez gutxieneko arrazionaltasunetik kanpo dagoena. Baten batek atsegin lezake eguerdian horren atsedenaldi luzeak hartzea;baina, errealitatean, lan erritmoak apurtzeaz gain, irteteko orduak atzeratzen ditu, egunak zatitzen ditu, hainbat jarduera sektoretan ordutegi zentzugabeak inposatzen ditu,hauen artean merkataritzan, eta bizitza pertsonala eta lana uztartzea eragozten du. Espainiako estatuan halako ohiturak berrikusi beharko lirateke, erabat antifuntzionalak izateaz gain bizitza pertsonala eta lana egokiro uztartzea eragozten dutelako.
Horregatik deritzot ongi etorria eman behar zaiola parlamentuak eginiko txostenaren ondoren Europako Batzordeak hiritarren artean egin zuen galdeketa publikoaren ondorioz sortu den eztabaida honi. Lau milioi europar baino gehiagok parte hartu zuten eta gehiengo nagusi batek esan zuen aldaketa horiekin amaitu beharra zegoela.
Asko izan dira erantzunak eta,ondorioz, luze eta zabal hitz egin eta idatzi da kontsulta honen egokitasunaz eta hiritarren iritziaren islatzat jo ote daitekeen estatistikoki daukan garrantziari erreparatuta. Eta halako kontsultetan argi izan behar den lehen gauza da era horretako kontsultak ezin direla inkestatzat jo. Bereziki interesatuak, informatuak eta kualifikatuak diren iritziak jasotzeko pentsatu zen mekanismoa da “hobeto legislatu” izenez ezagutzen den ekimenari esker. Ideia da gai zehatz batekin daukaten harremanaren ondorioz sortzen diren interes taldeek, gardentasun osoz, beren ikuspuntuak plantea ditzatela Europa mailan gai bati buruz arautzeko proposamen zehatz baten inguruan.
Horiek denak antolatzeko, interes taldeen erregistro bat sortu da eta kideei eskaintzen die parlamentuarekiko harremanerako estatus berezi bat. Horren truke, taldearen izena eman behar dute eta nor diren eta zein ordezkatzen duten azaldu. Ondoren, kontsulta horietan parte hartzeko gonbidapenak bidaltzen zaizkie beren interesen araberako gaiei buruzko kontsulta hauetan parte har dezaten. Prozesu horren bidez jasotako iritziak baliagarri geratzen dira proposamenak prestatzeko, printzipioz behintzat, gai bakoitzari buruzko ezagutza soziala baliatzen dutelarik.
Apaltasun osoz, esan behar dut duela hamabost urte,Eusko Legebiltzarreko presidente izan nintzen garaian, halako inkesta digital bat jarri genuela abian. `Zabalik´ deitu genuen eta oso arrakastatsua izan zen gaur egun Europan dagoena bezalako erregistro bat ezartzerik izan ez genuen arren.
Ideia hori berori hasierako ereduan jasotzen zen baina garai hartarako sofistikatuegi ematen zuen eta ez zegoen halako gauza batek beharko zuen lege markorik. Prestatzen hasi ginen, galdeketan planteatu nahi genituen arauei buruzko azalpenak bezala, baina garai hartan eman zen “aldaketa” famatuak hustubidetik eraman zuen gaur egun Europan erakundeen irekitasunaren eredu gisa funtzionatzen duen errealitatea. Gai horri buruz gehiago jakin nahi baduzu,hona hemen hainbat informazio interesgarri.
Horregatik, alde nabarmenak daude kontsulta horien eta inkesten artean. Badakizue inkestetan espezializatutako enpresek galdeketan sartuko dituzten pertsonak aukeratzerakoan kontuan hartzen dituztela adina, maila sozioekonomikoa, prestakuntza eta abar, erantzunak askotarikoak izan daitezen, era guztietako pertsonak har ditzaten eta,nolabait, gizartearen isla izan daitezen. Batzordeak egiten dituen kontsultetan,ordea,ez da iragazki hori erabiltzen. EBren gardentasun erregistroetan izena eman duten eragileek eta kontsulta irekita dagoela dakiten eta parte hartu nahi duten pertsonek parte hartzen dute. Honek ere abantaila bat dauka, interesa duten eta gaia ezagutzen duten taldeen iritziak jasotzen dituzula,baina estatistikari dagokionez ez da kontsulta bat bezain esanguratsua. Edozein kasutan, kontsulta honetan erregistratu dena moduko parte hartzeak argi erakusten du gaiak interesa sortarazten duela eta baita agenda publikoan jaso behar dela, eta hori gertatu da jada.
Erabakiak hartzeko orduan, lasai asko aztertu behar dira abantailak eta desabantailak, baina kontu bat izan behar da argi baino argiago: hartuko den neurria, ordua aldatzen jarraitzea edo ez, Batasun osoan hartu beharra dagoela. Orain arte egin diren ikerketek eta hauen artean Europako Parlamentuko azterlan zerbitzuak egin zuen ikerketak ondorioztatzen dutena da gai hau deskoordinatzeak bai dakartzala distortsio larriak barne merkatuan, bereziki garraioaren kosteetan eragiten dituen ondorioengatik.
Erabakitzea ez da erraza izango, Batasuneko lurraldeak hiru ordu-eremu ezberdin hartzen dituelako, estatu batzuetan, Espainian esate baterako, bere kokapenagatik dagokion ordutegian ez dagoelako, jarrera ezberdinak eta ulergarriak daudelako herrialde bakoitzaren argi orduen arabera eta aldaketek dakartzaten ondorioei buruzko ikerketak lantzen jarraitu behar delako,bereziki osasunari dagokion aldetik.
Eta, egia da, gai batzuk daudela herrialdeen kokapenarekin zerikusia dutenak, eta horiek antolaketa soziala eta ordutegiak markatzen dituztela. Mendeetan bizi izan gara ezberdintasun horiekin. Iparraldeko herrialdetan oso aldaketa nabarmena dago udako eta neguko argi ordu kopuruen artean. Meridianotik hurbilago daudenetan ezberdintasunak ez dira horren nabariak. Behar bada, interesak uztartzeko orduan, udako ordutegia onuragarriagoa da hegoaldean eta negukoa iparraldean.
Herrialdeek ezin dute ordu-eremua aukeratu, dagokien meridianoek ezarrita daudelako. Sistemak funtzionatzen du Greenwich-eko meridianoko ordutegia oinarritzat hartzen duen Ordu Unibertsal Koordinatuan oinarrituta. Mendebaldeko herrialdeek ordutegi hori daukate. Europa zentralekoek ordu bat aurrerago daude eta ekialdeko Europakoek bi ordu aurrerago. Ordua aldatzeko sistemak,beraz, ez dio ordu-eremuari eragiten. Estatu guztietako ordu aldaketak koordinatzen ditu, beti ezberdintasun berberak egon daitezen. Beraz, aldaketak deskoordinatzeak bai ekar litzakeela ordutegien arteko ezberdintasun onartezinak.
Europako Batasun osoan dagokion ordu eremutik kanpo funtzionatzen duen estatu bakarra Espainia da 1940an Francori bururatu zitzaiolako Espainiak Alemaniako ordu berbera izan behar zuela. Niretzat giltza da eguzkiaren orduarekin dagoen aldea. Eguzkiaren benetako ordura zenbat eta gehiago hurbildu,orduan eta hobeto. Helburu nagusia litzateke urte osoan eguneko argia ahalik eta ondoen aprobetxatzea.
Galdeketaren emaitzak eta Batzordeak eta Kontseiluak gai honen inguruan eginiko mugimenduak ikusita, ematen du gauzak nahiko azkar joango direla eta litekeena da datorren urteko martxoan azken ordu-aldaketa egitea. Aldaketa horiek gaur egun arautzen ditu 2000 urtean onartu zen zuzentarauak. Urratsak argiak dira. Lehenengo eta behin, batzordearen proposamen legegilea behar da, lehen irakurketa Parlamentuan, elkarrizketak Parlamentuaren, Batzordearen eta Kontseiluaren artean, bigarren irakurketa Parlamentuan eta, dena ondo irteten bada, onarpena eta estatu kide bakoitzeko araudian garatzea. Hau guztia ezin da egin oinarrizko akordio zabal bat adostu gabe eta,beraz,akordioa lortzen denean izapidea arin joango da testua ez delako ez luzea, ez korapilatsua ezta konplexua ere. Ordua aldatuko ote den baino ez da erabaki behar.Baina, hori bai, denok aldi berean.
Benetan uste dut prozesu honek lagunduko duela indarrean dagoen zuzentarauak hasieratik dituen akats batzuk zuzentzen.Horren zaharra denez,18 urte, ez zen kontsulta publiko bat egin, Batzordeak proposamen legegileak planteatzen dituenean egiten den bezala. Eta ez zen egin gaur egun Europako legegintza produkzioan aintzat hartzen diren legegintza adimendunaren printzipioen arabera exijitzen diren inpaktu ikerketen babesarekin. Horrek denak ekarriko du ordutegi aldaketek daukaten eragina neurtzeko ikerketak askoz gehiago zehaztu beharra, eta horrek denboratxoa eraman dezake.
Kontua da parlamentuko azterlanen zerbitzuak iragan otsailean prozesu hori abian jartzeko ebazpena onartu ondoren gai hori lantzen hasi zenean, hiru ondorio harrigarri jaso zituela. Lehenengo eta behin, ordu aldaketaren inguruan gaur egun dauden ikerketak ez direla eztabaidaezinak hainbat sektoretan. Bigarrena da halako ordu aldaketek oso energia gutxi aurrezten laguntzen dutela. Eta horixe izan zen ordu aldaketak hasi zirenean erabili zen argudio nagusiena, petrolioaren lehen krisia gertatu zenean.
Hirugarrena, nire ustez garrantzitsuena, argi eta garbi geratzen hasia dela pertsonen osasunaren ikuspuntutik, aldaketa hauek eragina dutela biorritmoetan, bereziki umeengan eta adineko pertsonengan. Eta efektu horiek pentsatu baino eragin handiagoa dute gizakien osasunean. Ikerketan ondorioztatu den beste gauza da esparru honetan aurrerakada handia eman daitekeela, Medikuntzako azken Nobel saria kronobiologia adituei eman zitzaiela gogoan.
Category: Blog