EUROPAKO ANIZTASUNA BULTZATEN, FUEN-EKIN. SIGNATU ZAITEZ «MINORITY SAFETY PACK» ALDE
Atzo Estrasburgon pasaden azaroan hartutako konpromezua bete genuen. Horretarako Minority safety pack-ari buruzko aurkezpena euskararen inguruan lan egiten dituzten ekintzaileentzat antolatu genuen. Helburuak hauxe dira: Alde batetik, Euskal hiritargoari Europa mailan martxan jarri den herri ekimenaren berri ematea, zeinen bidez Europako hizkuntza gutxituen eta eremu urriko hizkuntzen eskubideak babesteko legeria loteslea egitea bilatzen den. Bestetik, ekimen hau babesteko lanean euskararen lurralde guztietan bizi diren euskaldun komunitatea aktibatzea, hau da, denon artean ekimen honen aldeko izenpeak batzea. Europako Batzordeak ekimenaren edukia azter dezan, ekimenak milioi bat izenpe behar ditu gutxienez Batasuna osatzen duten zazpi Estatu kidetan, eta izenpe horiek apirila baino lehen batu behar dira. Gure asmoa da euskararen komunitatearen aldetik, hau da, Batasuneko bi estatu kidetan banatuta dagoen erkidego honetatik ere, FUEN federazioak babesten duen ekimen honi bultzada ematea.
Izenpeak Batasun osoan batuko dira: http://www.minority-safepack.eu web gunearen bidez. Lehenik eta behin, bisitatu, ta anima zaitez: Zure signadura Hizkuntza minorizatuak behar dute.
HORI DENA LORTZEKO, ZER EGITEN ARI GAREN:
1.- Euskararen erabilera sustatzeko esparruan lan egiten duten erakunde zibiko eta instituzionaletan Europa mailako ekimen honen berri ematea, eta hedatze lanari eta izenpeak batzeko lanari ekitera animatzea. Horretarako, Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko erakundeekin kontaktatu dugu eta gaur bertan FUENeko presidenteak, Loránt Vincentek, ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu euskara sustatzeko lanean ari diren XX erakunderekin izan dugun lan bileran. 2.- Behar besteko neurriak hartu ditugu Web gunearen euskarazko bertsioa egon dadin eta hizkuntza honetan ekimena babestu nahi dutenentzat eskuragarri egon dadin. Izan ere, web gune hori da Batasun osoan izenpeak batzeko dagoen tresna nagusiena. 3.- Frantziako beste hizkuntza komunitate gutxituekin kontaktatu dugu, bere aniztasuna aitortzeko orduan arazo gehien planteatzen dituen estatu kidea delako. Azaroan, Estrasburgon egin zen Gutxiengoen Intertaldean agerraldi bat antolatu genuen eta izenpeak batzeko kanpainan parte hartuko zutela hitzeman zuten. Orain espero duguna da, Macrón presidenteak, hizkuntza gutxituak bestela tratatuko zituela esan zuenak, Frantziako orain arte politika hori behin betiko aldatzea
ETAPA GARRANTZITSUA BIDE LUZEA DARAMAN LAN BATENTZAT
Zentzu berean azpimarratu nahi dugu ekimen honek azken zortzi urteotan Europako Parlamentuko gutxiengoen Intertaldean garatzen ari garen lana indartzen laguntzen digula. Intertalde hau dedikatzen da, bereziki, gutxiengo tradizional batekoak edo bestekoak diren berrogeita hamar milioitik gora hiritarren eskubideak babestera eta sustatzera. Urte hauetan guztietan egiaztatu dugu Batasunaren lurralde osoan eskubide horiek bermatzeko dauden tresnak nahiko ahulak direla. Ez dituzte estatu kideak ezertara derrigortzen. Hori dela eta, Intertalde honetan aurreko legealdian lan handia egin zen Europa mailako legeria loteslea egiteko, estatu guztietan komunitate hauek beren eskubideak errespetatzen zaizkiela ikus dezaten eta aniztasun hau ere legez aitortua izan dadin. Orain, estatu kide batzuetan aitortza hori itxurakoa baino ez da. Beste estatu batzuetan hori ere ez da ematen. Aitortza horren harira bi zedarri aipatu behar dira:
1.-Estrasburgoko adierazpena Aurreko legealdian, 80 eurodiputatutik gora beren izenpearekin babestu zuten Estrasburgoko Adierazpena. Agiri honek era guztietako gutun, adierazpen diplomatiko, Europako ebazpen eta Batasunaren Itunetan jasotzen diren eskubideen bilduma egin zuen. Horregatik, adierazpen honek hizkuntza eskubideei buruzko hausnarketak baino askoz gehiago jasotzen du. Izan ere…. artikuluan planteatzen du Europaren bitartekaritza eskatu ahal dela, herrialderen batean elkarrizketa faltagatik gatazka egoera trabatzen den kasurako. Horretarako planteatzen du Kanadako “Argitasun legea” izenekoa.
2.- Alfonsí Txostena Intertaldeak era berean landu zuen “Alfonsí Txostena” izenekoa. Txosten honek gutxiengoen hizkuntza eskubideak lantzen ditu eta Europako Parlamentuaren gehiengo zabal batek onartu zuen. Guztira, 645 eurodiputatuk babestu zuten eta kontrako 26 boto eman ziren 2013ko irailean Europako Parlamentuko osoko bilkuran egin zen bozketan. Batzordeak azken urteotan ez du ezer egin. Gaur aurkezten ari garen herri ekimen hau agiri horien bien fruitua da eta bide legala irekitzen du, lege bidez, hau da, Europako Herri Ekimen bidez, Batasuneko agintariek zerbait egiteko derrigorra izan dezaten. Gutxiengoen eskubideak errespetatu beharraz ari gara, eta eskubide horiek ez daude bakarrik Europako tratatuetan eta Oinarrizko Eskubideen Europako Kartan. Eskubide horiek ere badaude “ Aniztasunean Elkartuta” goiburuaren oinarrian. FUEN erakundeko ordezkariei eskertu nahi diet beraiekin izan dugun lankidetza giro aparta. Horren adibiderik onena da Loránt Vincent presidentearen konpromisoa, gaur etorri baita Euskara sustatzeko lanean ari diren erakundeei ekimenaren nondik norako guztiak azaltzera eta izenpeak batzera animatzera.
Era berean, nire esker onik zintzoena Andoni Ortuzar EBBko presidenteari eta Kultura eta Euskara gaietarako burukide Ana Esther Furundarena andreari, FUENeko presidentea Bilbora ekartzeko prozesuan eskaini diguten laguntzagatik eta ekimena babesteko eta izenpeak batzeko orrialdea euskaratzeko eman diguten aukeragatik. Besterik gabe, herritar guztiak animatu nahi ditut, euskara barruan daramagun guztiak, aniztasunaren alde gaudenak, eta euskara ere Europako ekimen honen alde milaka izenpe batzeko prozesuan ikusi nahi dugunak. Herritarren bultzadari esker, Batasunaren aniztasunean sinesten duten, praktikatzen duten eta errespetatzen duten pertsonen bultzadari esker, Europako Batasuna hobetzen dela ikusi nahi dugu, Batasunak hiritargoaren antzekoa izan behar duelako, hau da, anitza.
Category: Blog
Comentarios (8)
Trackback URL | Comentarios Feed RSS
Sitios que enlazan a este Post