EUSKARARENTZAKO BERRI ONAK BRUSELATIK.
Duela egun batzuk, gutxiengo tradizionalen eta hizkuntza gutxituen intertaldeko kideok Europar Parlamentuko Kultura Batzordean txosten bat aurkeztu genuen Europa mailan hizkuntza gutxituei eman beharreko babesaren eta sustapen lanaren inguruan egiten diren praktika onak azaltzeko eta lan horretan aurkitzen diren oztopoen berri emateko. Lanaren oinarri gisa hartu ziren 2013 urtean onetsi genuen Alfonsí Txostenean onartu ziren gomendioak, eta Europa mailan hamahiru erregiotan bizi dugun egoera ekarri zen gogora, zeintzuetan estatu kideetako hizkuntza ofizialak gutxiengo egoeran dauden edo hizkuntza gutxitua ez desagertzeko lana egiten ari diren.
Zentzu honetan daukagun albiste ona da Euskadin egiten dugun hizkuntza politikak oso balorazio ona jasotzen duela eta praktika on jo daitezkeen hainbat ekimen garatzen dituela. Horien artean, aipagarrienak dira hezkuntza eredua aukera daitekeela, irakasleria prestatzeko hartu diren neurriak, hezkuntza maila guztietarako materialak daudela,eredu eleanitzetan matrikula oso altua dela eta euskaraz lan egiteko moduan daudenentzat euskarak lan aukerak ematen dituelako pertzepzioa.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, Euskal Autonomi Erkidegoa eta euskara erreferente garrantzitsuak dira desagertzeko arriskuan egon daitekeen edozein hizkuntza suspertzeko lanari dagokion aldetik. Erakundeetan euskara biziberritzeko lanean egin den politikak azterlan horretan aipatzen diren gomendio guztiak betetzen ditu eta ia atal guztietan aipatzen diren praktika on guztietan kokatu da gorenean. Parte hartzen du eta praktika onen partekatzea sustatzen du Europan hizkuntza gutxituak babesteko lana egiten den guneetan, material pedagogikoen edizioa sustatzen du, irakasleri eleanitzaren prestakuntza sutatzeko politika egiten du, sustapen politiketarako epe luzerako planifikazioa dauka eta hezkuntza maila guztietan euskarazko irakaskuntza eskaintzea lortu du.
Horregatik uste dut gure herrian euskara berreskuratzeko ahaleginak gizartearen aldetik jaso duen babesa aldarrikatzeaz gain, uste dut egokia dela erakundeei bide honetan guztian egin duten lan eskerga aitortzea eta eskertzea, gizarteak partekatzen zuen gogo bat politika irmo,eraginkor eta iraunkor bihurtu duelako eta Europa mailan emankorra dela erakutsi duen politika garatzea lortu duelako.Uste dut derrigorrezkoa dela hori esatea, inguru batzuetan sarriegi ahazten delako erakundeen kontzientzia eta ahalegin hori ezik euskararen inguruan lortutako guztia ez litzatekeela errealitate bat izango.Herritargoak euskararen alde egin duen ekarpen handia ez ezagutzea bezain zentzugabea da erakundeek euskararen biziraupenaren alde egindakoak suposatzen duen meritua ez aitortzea.
Uste dut euskal gizartearen sektore batek asko eta asko zor diola iraganaren kontakizunari. Zor bat izan daiteke eskuzabaltasunarena eta beste bat errealismoarena. Hau idaztean ezin ditut burutik kendu,esate baterako, Donostian, abenduaren 13an, 2016ko Kultur Hiriburutasunaren markoan hizkuntza gutxituen aldeko adierazpenaren aurkezpenean esan ziren hitz batzuk. Benetan harritu ninduen orduko hizlariren batek erakutsi zuen jarrera bere adierazpenean erakundeen lana eta lan honek izan dituen emaitzak nahita baztertu edo ahaztu zituenean. Begirada nork bere golkotik apur bat altxatzea nahikoa da lan honek Europan jaso duen aitortza ikusteko, eta horrek zerbait pentsarazi beharko lieke lan hori eta emaitza horiek behin eta berriz ukatu dituztenei.
Horregatik du horrenbesteko garrantzia txosten honek. Amnesia hautakor hori pairatzen dutenak dagokien tokian jartzen ditu baina ez hori bakarrik, erabat urruntzen da topikoetatik eta indar politiko batzuek euskararen gaia banderatzat jotzeko egiten dituzten ahaleginetik. Lanaren abiapuntu nagusia da eleaniztasuna aberastasuna izateaz gain Europaren aniztasunaren ezaugarria dela. Kontzeptu horretan, jakina, egoera berean dauden hizkuntza gutxituak ere sartzen dira, eta inori ez zaio bururatzen aldarrikapen bat lekuz kanpoko jotzea edo hizkuntza horietako bat indartzeko edo babesteko lana alferrikakotzat hartzea. Alderantziz, gehien errepikatzen den gomendioa da hizkuntza horiek babestu eta garatu behar direla. Era berean, hezkuntza alorreko profesionalei eta agintari publikoei gomendatzen zaie helburu horiek erdiesteko egiten dituzten praktika onak elkarren artean partekatzea.
Txostenak bereziki aipatzen ditu mugaz gaindiko eskualdeak,zeinetan muga baten alde bietan hizkuntza gutxitu bera hitz egiten den. Zentzu honetan egiten den gomendioa da estatus edo egoera baten inguruan egon daitezkeen ezbaiek edo mugaren alde banatan hizkuntza gutxituak sustatzeko egiten diren politika ezberdinek ez ditzatela hiztunen egoera kaltetu, hiztunak tentsio horren biktima izan ez daitezen. Tentsio hori konpontzeko, gogoratu egiten da hizkuntza horien babesa behar bezala jasota dagoela Hizkuntza Gutxituen Karta edo Alfonsí Txostena moduko agirietan. Agiri horiek irakurrita, dagokien tokian jartzen ditu Euskadin euskararen sustapenaren inguruan pairatzen ditugun diskurtso populistak.
Txostenean aipatzen da,esaterako, euskararen egoera Espainian eta Frantzian, frisierarena Holandan, alemanerarena Hegoaldeko Tirolen, hungarierarena Bulgarian,Eslovakian eta Eslovenian, gaelikoarena Irlandan,polonierarena Lituanian, erromanierarena Hungarian, serbierarena Alemanian, suediarrarena Finlandian eta Galeseko gaelikoarena Erresuma Batuan. Ezin delako bestela izan, lanetik ondoriozta daitekeen lehen konklusioetako bat da estatu kide batean ofizialak diren hizkuntzak ez daudela desagertzeko zorian eskualde zabaletan ofizialak direlako eta Batasunaren baitan estatus hori dutelako. Baina, hizkuntza batean estatus legala ahula den tokietan, egoera dramatikoa da. Horietan guztietan tokian tokiko hizkuntza gutxitua desagertzeko zori larrian aurkitzen da.
Category: Blog