OINARRIZKO ESKUBIDEAK, BURUA ETA BIHOTZA DONOSTIA 2016 EGITASMOA BOROBILTZEKO

IMG_2931Amaitu berri dugun urteko abenduaren 17an aurkeztu zen Donostian Hizkuntza Eskubideen Defentsarako Protokoloaren sinatzaileen plataforma, kultur hiriburutasun egitasmotik luzaro irauteko sortu den lan horietako bat, hain zuzen, Europa osoan hogeitik gorako kultura eta hizkuntza gutxitu bizirik mantentzen duten berrogeita hamar milioi pertsonen arteko elkartasun eta babes sareak sortzen jarraitzeko. Zuekin guztiekin partekatu nahi nuen ekitaldi hartan bizi izandako guztia. Gainera, ekimen hori Europako Parlamentura, aitortza hori lortzeko jarduerak koordinatzeaz arduratzen den intertaldera eramateko hartu dudan konpromisoa berresten dizuet. Horregatik, hona hemen ekitaldi hartan bizi izandakoen eta horiek guztiek nigan sortarazi dituzten hausnarketa eta emozioen laburpena.

 Jarraian jartzen dizuet hemen egun hartan eginiko elkarrizketa batzuk, besteak beste Miren Azkarate kultur hiriburutasun egitasmo horretako ekitaldiak zuzenean koordinatu dituen zinegotziarekin eta Kontseiluko Idazkari Nagusi Paul Bilbaorekin, erakunde hori izan baita protokolo horren kudeaketa zuzendu eta burutu duena. Agiriaren indargunerik handiena bere aniztasuna da,hau da, elkarrekin eta kultur aniztasunean eginiko lana izan dela eta,horri esker, ehun bat plataformetako ordezkariak eta Europako hogei bat kultur adierazpenetako ordezkariak ere Kursaaleko taulara igo ziren egitasmoa aldarrikatzera eta propio egitera.

Benetan uste dut hizkuntza hauetako hiztunak garenok, hizkuntza hauetako bat ama hizkuntza dugunok indar handia jarri behar dugula gai hau oinarrizko eskubidetzat hartua izan dadin. Gehiegitan ikusi dugu beren burua «demokratatzat» jotzen duten askok gai hau arazo txiki jotzen dutela, antzinako gauzei begiratzen dieten pertsonen kontua delakoan, behar bada, oztopoak edo ezberdintasunak ezartzeko asmoarekin egingo balitz bezala. Halako jarreraren bat antzematen dudan guztietan bi gauza egiten ditut. Lehenengo eta behin, Bartzelonako jardunaldi batzuetan desgaitasuna zuen pertsona bati entzun nion esaldia ekartzen dut gogora, aniztasun guztiak defendatzeko egoki jotzen dudalako: «Ezberdinak izateak ez du suposatzen berdinak izan behar ez dugunik». Eta gero adibide batzuk ematen ditut, gaztelania, frantsesa, ingelesa edo alemana, herrialderen batean hizkuntza gutxituak izan direla adierazteko, eta beren jokaerak deskribatzen ditut.

Kasu horietan guztietan, hiztunek oinarrizko eskubidetzat jo dute ondare kultural horri eutsi ahal izatea, beren nortasunaren parte bat delako. Beste kasu batzuetan, hizkuntza hori, eta adeitasunetik nahiko urrun geratu diren jokabideen bidez, hizkuntza nagusi edo ofizial bilakatu dute horretarako indarra izan duten tokietan. Horri deitu diote «zibilizazioa eramatea». Gaurko begiekin ikusita, benetan espero dute historiaren zuritzaile sutsuenek ere jarduera horiek guztiak zapaltzailetzat jotzea.

Horregatik, euskalduna naizen aldetik, oso hunkigarria izan zen urte beteko lan gogor eta iluna hitz, sentimendu, irudi, musika eta dantza bihurtzen zutela ikustea. Hitzik garrantzitsuena «josi» izan da, lantaldeko kideek horri ekin diotelako urte osoan. Borondateak mugiarazi eta josi ziren abenduaren 17an Kursaaleko aretoa betetzeko. Pertsonak eta zerbait gehiago zegoen han. Aretoa aniztasunez beteta zegoen.

Hitzaldiak zein baino zein hunkigarriagoak izan ziren. Paul Bilbaok adibide batzuk eman zituen Europan halako hizkuntza batean bizitzeak suposatzen duena adierazteko. Kasu askotan argi baino argiago ikusten da oinarrizko eskubide kontua dela. Eta, aitortu behar dut Xabier Payaren jarraitzaile sutsua naizela, Donostia 2016 egitasmoaren alderdi kulturalaren arduradunarena. Bere parte-hartzeak nire aurreikuspen guztiak bete zituen. Kursaaleko taula emozioz, uste sendoez eta printzipioez bete zuen eta bertan bildutako guztiei eman zien kultur hiriburutasunaren indarra ikusteko aukera. Europa mailan aho batez goraipatu duten egitasmoa izan da egin diren jardueren eta bere osagaien maila altuagatik,hau da, parte hartzea, berrikuntza eta elkarbizitza.

Aparteko aipamena merezi dute Joan Mari Torrealdairen hitzek. Euskarak azken mendeotan bizi izan duen historiaren laburpena egin zuen tonu hunkigarriarekin, bere ahots beroarekin, txalapartaren soinu eztiak markatutako bidetik. Marko horretan oso hunkigarria izan zen Egunkariarekin gertatu zen guztiari eman zion tratamendua eta argi eta garbi geratu zen une beltz hartan justiziaren eta gobernuaren arbitrariotasuna pairatu zutela. Gauza bat bota nuen faltan, eta hori izan zen euskarari eusten dion giza taldearen bizitasunaren eta indarraren aipamenari lotuta, historia horretan gobernuak, euskal aldundi eta udalek egin duten ekarpena aipatzea.

Ezin ditut aipatu gabe utzi Maria Pilar García Negroren eta Aureli Argemi catalunyarraren hitzak. Biek Bartzelonako Adierazpenean lan egin zuten eta nolabait agiri haren lekukotasuna ekarri zuten Kursaaleko taula gainera. Haiekin birpasatu genituen esanaren eta eginaren arteko ezberdintasunak, hizkuntza eskubideen aitortza eta errespetuaz ari garenean.

Eta orain, lan horri jarraipena ematea geratzen zaigu, sugarra piztuta mantentzea, ideiak indartzen eta kontzientzietan ereiten jarraitzea. Argi izan behar duguna da belaunaldi berriei, euskara eskolan, eguneroko bizimoduan bizi duten horiei erakutsi behar diegula garai bateko txingarra  ikusgarri egin duen hauspoak  orain hurrengo urratsa eman behar duela,hau da, ikusgarritasunetik indarra ematerako pausua eman behar du.

Gogoratu behar dugu mundu globalizatu honetan, batzuek uniforme eta elebakar nahi duten honetan, asko direla benetako izan nahi duten pertsonak, mundura besteen aniztasunetatik hurbildu nahi dutenak Mundua bizitoki zoragarri bihurtu duten bereizitasun historikoek eta kultur eta hizkuntza ezberdinek. Mundua ezberdina delako, elkar errespetatzen eta elkarrekin bizitzen irakasten digulako. Gauza bat da hizkuntza nagusi bat ezagutzea, toki global honetan bizitzeko,lan egiteko eta mugitzeko gomendagarria delako. Baina, beste gauza desberdina da gainerako hizkuntza guztiak desagerraraztea. Zoritxar hori gertatuko balitz, ez bailuke zentzurik izango ez bidaiatzeak ezta hurkoa ezagutzen edo ulertzen saiatzeak ere.

Tags: , , , , , , , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario