MAPUZUNGUN ZUGULEAIÑ. MAPUTXEEN HIZKUNTZA BRUSELAN DEFENDATZEN
ZUGULEAIÑ MAPUZUNGUN. BRUSELAN HIZKUNTZA GUTXITUEN ALDE EGINEZ
(Acceso a la versión en castellano)
Aste honetan Ordezkaritzarik gabeko Nazio eta Herrien Erakundearekin (UNPO) aritu izan gara elkarlanean, Mapuzungun hizkuntza, maputxeen antzinako hizkuntza babesteko eta berreskuratzeko beharrari buruzko dokumentala aurkezteko. Herri indigena hau, nagusiki,Txileko Arauca aldean eta Argentinarekin mugakide duen lurraldean bizi da. Kronika honetan jarri dugun bideoan,UNPOko programazio buru Tommaso Nodari eta Europan Mapudungun hizkuntzaren defentsarako plataformaren ordezkari Alina Rodenkirchen ikusi dituzue ekitaldiari buruzko azalpenak ematen. Bereziki atsegingarria izan da, bi ordezkariei, bideo horretan eta Bruselan egin dugun ekitaldian, Euskadin euskara berreskuratzeko eta erabilera soziala sustatzeko egin diren ekimenei buruz hitz egiten entzutea.
Mapuzungun hizkuntza berreskuratzeko egiten ari diren bidea azaltzeko orduan, plataformako kideek hizkuntza hau berreskuratzera dedikatutako halako «barnetegi» batean egiten den bizimoduari buruzko erreportaje-dokumentala erabili zuten. Oso ezagun egiten zaigun istorioa kontatu zuten, gainera. Kolonizazio garaian odola eta sua baliatu zuten kultura indigenen arrastoak desagerrarazten saiatzeko. Ondoren, ahalegin horrek Txilen «konkistatzaileak» heldu aurretik zeuden herrien aztarnak ezabatzeko balio izan ez zuela egiaztatuta, beste prozedura bat erabili zen, guk hemen ere ondo ezaguna duguna. Mapuzungun hizkuntzaz mintzatzea,hemen euskal hiztuna gutxiesteko erabiltzen zen terminoa erabilita, «aldeanoen» kontua zen, eskolatu gabeen ezaugarria, egin zitekeen gauzarik narrasena. Eta nork bere burua maputxe aitortzeak zekarren besteen trufa eta mesprezuaren mende geratzea.
Gaur egun gauzak aldatu egin dira aniztasun hori erakargarri gertatzen zaigulako. Orain, Txilera, jendea iristen da indigenei buruz galdezka eta beraien kultura ezagutzeko gogoz. Altxor hura gordetzeko ahalegina egin zutenek hizkuntza suspertzeko eta biziberritzeko aukerak aurkitzen hasiak dira, oraindik koofizialtasuna edo Mapuzungun hizkuntza eskolan sartzea bezalako neurriek erronka handiak bizi izan dituen erkidego horri benetako hauspoa ematetik oso urrun dauden arren.
Pozarren lagundu nuen adibide hau hona, Bruselara, ekartzen. Bideo honetan azaltzen da hantxe kontatu niena. Hasteko, gogora ekarri nuen Mapuzungun hizkuntza, lurraren mintzoa, beste hizkuntza guztiak bezala, aniztasuna eta gizatasuna maite dugun guztion kultur ondarea dela. Hizkuntza bakoitza aztertzean eta ikastean aurkitzen ditugu hizkuntza hori mintzatzen duen gizataldearen kosmobisioari buruzko datuak, bere bizimoduari eta historiari buruzkoak,hain zuzen. Horregatik, hizkuntza bat galtzen denean, denok gara galtzaile.
Baina, horrez gainera, hizkuntza bat babesteko egiten den ahalegin oro, hiztunek beren harreman pertsonaletan eta eguneroko bizimoduan normaltasun osoz erabil dezaten laguntzea, pertsona horiek euren «nitasuna» adierazteko duten funtsezko eskubidea ere bada. Hizkuntza gutxituen kasuan, normalean, elebitasunaren alde egiten den apustua da hiztuna aberasten duen ezaugarria, eta beste hizkuntza batzuk ikasteko gaitasuna areagotzen dio,gainera.
Horiek bi aurreikuspenek bultzatu behar dituzte Mapuzungúna bezalako hizkuntzak babesteko eta zaintzeko politika publikoak. Aurrera egingo badu, edozein ekimenek aurreikuspen horiek hartu behar ditu abiapuntutzat, ahalegin hori demagogiatik eta sinplismotik babestu behar delako. Gainera, epe luzerako aurreikusitako aurrekontuak beharko ditu eta hizkuntza horren txertatze goiztiar eta normalizatua ere bai. Europan printzipio horiek guztiek adostasun maila altua dute, Parlamentu honek 2014ko irailean onartu zuen txostenean adierazia, hizkuntza horien hiztun guztien eskubideek hamarkada honen amaieran babes loteslea izateko lege markoa izan dezaten.
Euskalduna naizenez, ama hizkuntza euskara dudala adierazi nien, diktadura frankistaren garaian debekatuta egon zen hizkuntza, azken hogeita hamar urteotan lehen esandako zutabeetan oinarritutako eboluzioa bizi izan duena. Aldi horretan lortu dugu hiztunen kopurua hirukoiztea. Emaitza hori lortu da gaztelania bezalako hizkuntza indartsuaren ondoan bizi arren, eta elebakarrek hizkuntza txiki hauek babesteko eta berreskuratzeko ahaleginari muzin egiteko erabiltzen dituzten argudioak aniztasunari dioten beldurraren fruitu direla argi geratu delarik. Kasu askotan,gainera, hizkuntza gutxitu baten hiztunari munduan gehien erabiltzen diren hizkuntzetako batean mintzatzen denak dituen eskubide berberak ez onartzetik datorren inposizioa da. Ikuskera mugatua, multzo berean hizkuntza, nortasuna, estatua eta nazio kontzeptuak bateratzen dituenarena, garrantzitsuena denari men egin gabe, hiztunen eskubide indibidualei,hain zuzen.
Hemen ikusten duzuenez, hiritar bat, Eduardo García Serrano izena duen kazetaria lotsagarri geratu da hizkuntza bat denari buruz hain kontzeptu zaharkitu eta murritza duela erakutsi duenean.
Babesa emateko politikak hemendik abiatzen direnean, funtsezko eskubidean oinarritzen direnean, emaitzak lortzen dira. Euskadin, esate baterako, gidoi hori jarraitzeak balio izan du hizkuntzaren erabilera normalizatzeko, ezagutzen ez zuten askok ikas zezaten eta erabiltzen eta maitatzen has zitezen, eta euskarak bultzatzen duen industria kulturalak Euskadin enpleguen %6,3 izan dadin eta Barne Produktu Gordin osoaren %4,2 izan dadin. Aniztasun mota hori babestea eskubide kontua da,beraz, adostasun soziala lortzeko ataza eta,aldi berean, gorantza doan industria sorrarazteko eta hazi arazteko.
Horregatik, onena eta bete betean asmatzea opa diet, Mapuzungun hizkuntzak izaten jarraitu nahi duen kultura baten eta giza talde baten lekukotasuna ematen jarrai dezan, ahaleginari irmo eutsiaz lortu duelako eta euste horretatik sustatzera eta babestera igarotzeko eskubide osoa duelako.
Category: Blog