HIZKUNTZA GUTXITUEN ERRENTAGARRITASUN EKONOMIKO ETA SOZIALA EUROPAN

| 22 noviembre 2015 | Responder

nlpd

Aste honetan Bruselan bi ekimen bizi izan ditugu Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikak Europako hizkuntza gutxituen biziberritzean daukan egiteko funtsezko eta aitzindaria ezagutzera emateko. Behin eta berriz esan dugu eta esango dugu hizkuntza gutxitu horiek sustatzea sozialki eta ekonomikoki errentagarria dela, eta ideia hori ahal ditugun leku guztietara eramaten saiatzen gara. Hartara, Hizkuntzen aniztasuna Sustatzeko Sareak (NPLD) Bide Orri bat jarri du abian, europar erakundeei hizkuntza hauek defendatzeko aholkuak emateko. Iragan asteazkenean, Bruselan, maila goreneko bilera egin zen prozesu hau borobiltzeko, ondorioak birpasatzeko eta europar erakundeei egin beharreko gomendio hauek helarazteko. Bideo honetan Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Sailburuordea, Lorea Bilbao Bizkaiko  Kultura Diputatua eta Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskara zuzendaria ikus ditzakezue, ekimen honetan euskaldunek parte hartzeak daukan garrantzia azaltzen.

Ikusi duzuenez, honaino heldu gara erakundeek eta herritarrek elkarlanean egin duten lanari esker, eta Patxi Baztarrikak berak jardunaldiaren hasieran esan zuenez «Hizkuntzak, europar hizkuntza guztiak, gizarte kohesiorako elementuak dira, aberastasun kulturalerako faktore dira eta,aldi berean, ekonomia dinamizatzeko elementuak dira eta lotura estuak dituzte lehiakortasunarekin,hazkundearekin,mugikortasunarekin,enpleagarritasunarekin eta sormenarekin. Aberastasun eta ongizate motore dira, Europan eta Europarentzat» .

Printzipio horiek azpimarratu dira hitzetatik harago joan den goi mailako jardunaldi honetan. Euskaldunen hazkundeari buruz ezagutzen diren datuei, Baztarrikak erantsi nahi izan die Euskarak eta euskal kulturak gure barne produktu gordinari egin dion ekarpenari buruz Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri duen txostena. Txosten honek  esaten du euskarak Euskadiko BPG osoaren % 4,2 a suposatzen duela eta euskal ekonomia osoaren %6,28 a dela. EAEko enplegu guztiak  893.952 dira eta horien barruan euskarak 56.142 lanpostu ditu, enplegu zuzena, zeharkakoa eta eragindakoa kontuan hartuta. Kopuru horretatik, ia 43.000 lanpostu sortu dituzte euskararekin zerikusia duten jarduerek, ia 4000  dira zeharkakoak eta 10.000  dira  eragindakoak .

Europan hizkuntza gutxituen inguruan bizi diren mugimendu hauetan guztietan, egiteko garrantzitsua izan du Alfonsi txostena izenekoak. Hainbat informazio eman dugu eta  Bilbon mintegi berezia antolatu genuen txostena ezagutzera emateko. Agiri hau estatu kide guztientzako lege marko loteslea lortzeko urrats berria da, gai hau arbitrariotasunaren mende egon ez dadin. Oso arriskutsua baita. Ateak zabaltzen dizkio demagogiari eta elektoralismo merkeari,eta sen onak agintzen duen esparrua murrizten du. Eta, gogoratu beharra dago jokaera horiek eragin dutela ikastolak terroristen eskola zirela, euskal izena zeramaten guztiak indarkeria zaleak zirela eta antzekoak entzun behar izatea. Hori bai, hezkuntza sistema honek, euskara desagertzetik salbu uzteaz batera,  ondo baino hobeto erakutsi du herritar eleanitzak sortzen dituela eta  herritar hauek sistema elebakarrak produzitzen dituenek baino gaitasun handiagoa dutela, besteak beste, gaztelania eta ingelesean. Eta, gauza berbera esan daiteke gainerako gaitasun akademikoez. PISA txostenak argi eta garbi utzi du hori. Orain, pozez ikusten dugu Europar Legebiltzarraren gehiengoa  datuekin geratu dela, eta ez lehenagoko mezu okerrekin.

Gaur, euskal esperientzia eredugarria da Europan, kritiko izan direnen harridurarako, eta Euskadi NPLD erakundeko buru da aurten. Aste honetan hizkuntzen aniztasunaren aldeko ibilbide orri hau abian jartzeko ekitaldia egin da eleaniztasunari, inmigrazioari eta ekonomiari buruz egin den maila goreneko bileran,zeinetan, besteak beste, eurodiputatuek eta Batzordeko edo Kontseiluko ordezkariek parte hartu duten. Bide Orriak EBrentzat aldarrikatzen du Europar Batasuneko erakundeetarako hizkuntza politika propioa, eta bereziki jasotzen ditu guk Alfonsi txostenaren lehen zirriborroari aurkeztu genizkion zuzenketetatik sortu ziren proposamenetako batzuk. Zuzenketa horiek gehiengo zabal batek onartu zituen (ia aho batez) Europar Parlamentuaren osoko bilkurak. Agiri honek Europar Batzordeari eskari berezia egiten dio hizkuntza politiko propioa abian jar dezan, hizkuntza hegemonikoak ez ezik, Europako herrien hizkuntzak ere barne hartuko dituena (Estatu hizkuntzak izan edo ez), CRSS hizkuntzak NPLD  sarearen terminologiaren arabera sustatuz (Hizkuntza konstituzionalak, erregionalak eta estatu txikietakoak) .

Aste honetan aurkeztu den Bide Orrian jasotzen denez, hizkuntzen bizigarritasun maila beren estatus legalaren araberakoa da. Zenbat eta lege babes eta estatus handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago izango ditu eguneroko bizitzan erabilia izateko. Hori dela eta, EBri eta europar erakundeei eskatu zaie Europako hizkuntzak babestea, laguntzea eta ikusgarritasuna ematea, ahal denik eta aitortzarik handiena emanez. Hori dela eta, arlo honetan aktiboago izatea eskatu zen eta,aldi berean,europar erakundeak geldirik gera ez daitezela hizkuntza hauen kontra, oinarrizko eskubideen kontra egitearen pare dauden erasoak salatzen direnean .

Halaber, Bide Orri honek defendatzen du hizkuntza gaitasunak aurrerapen ekonomikorako eta hezkuntza eta kultura arloetako aurrerapenerako motore direla. Hizkuntzek ezinbesteko egitekoa betetzen dute gizartearen kohesioan, garapen pertsonal eta ekonomikoan eta mugikotasun profesionalean. Era berean gogoratu da hiritar eleanitzek gaitasun handiagoak dituztela eleaniztasunak hezkuntzan, lanbidean eta arlo ekonomikoan eskaintzen dizkien aukerak baliatzeko. Hori dela eta, Ibilbide Orriak zera eskatzen die europar erakunde guztiei: hizkuntza guztiak tokian tokiko,erregio,nazio edo nazioarte mailako ekonomiketarako hazkunde, lehiakortasun eta enplegu sorrerarako europar estrategian sartzea; eta erregioetako hizkuntzak edo hizkuntza gutxituak jarduera sozio-ekonomikoetan sustatzea, kontsumo esparruan barne.

Era berean aldarrikatu da informazio eta komunikazio teknologia berriak (IKT) hizkuntzak sustatzeko eta beren bixigarritasuna indartzeko erabiltzea.

Amaitzeko, ahalegin berezia eskatu da Europan egoerarik ahulenean dauden hizkuntzak desagertzea saihesteko. EBko 24 hizkuntza gutxituez gain, Europan 80-90 erregio hizkuntza daude, gutxituak edo Europan desagertzeko zorian daudenak, eta aitortza maila ezberdina daukate (batzuk koofizialak dira eta besteak ez dira legez edo ofizialki aitortuak). Eta horrek jarrera irekiagoa eskatzen du hizkuntza horiek europar erakundeetan erabiltzeko eta aitortzeko orduan.

Europan hizkuntzen aniztasuna bultzatzeko Bide Orria Europar Legebiltzarrean aurkeztu den iragan otsailean, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordearen hitzekin amaitu zen ekitaldian. Iragan asteazkenean abian jarri ondoren kontsulta aldia ireki da eta martxan jartzeko egitasmoa eta egutegi berezia adostuko dira  (2016-2019).

Beste alde batetik, Josu Juaristi lankideak  Europar Parlamentuan Europako hizkuntza aniztasunaren egoerari buruzko jardunaldia antolatu zuen zeinetan NLPDko idazkari nagusi Vicent Climent Ferrandok -jardunaldi honetara eraman zituen asteazkeneko bilkurako oihartzunak- eta Davyth Hicks-ek,  ELEN (hizkuntza eskubideen berdintasunerako europar sarea) erakundeko idazkari nagusiak parte hartu duten. Honen hitzaldian azaldu ziren Aragoiko hizkuntzaren eta bablearen biziraupena mehatxatzen duten arazoak.

Tags: , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario