JUSTIZIA ETA «JUSTIZIA»

Gaur, zuekin partekatu nahiko nuke oso interes handiko jotzen dudan elkarrizketa bat. Ez dakit Vidal epailea gogoratuko duzuen, baina berari buruzko zertxobait azaldu nahi nizueke. Vidal magistratu honek, bere denbora librean eta pertsona guztiok eskubide osoz dugun adierazpen eta iritzi eskubidea baliatuta, etorkizuneko Catalunyar estatu independente baten konstituzioak zer jaso beharko zuen eta nola idatzi ahalko litzatekeen azaltzeko saiakera egiteari ekiten zion. Entzun lehenengo berak zer esaten duen, eta gero komentatuko dizkizuet elkarrizketa horrek niri gogora ekartzen dizkidanak.

Argi eta garbi, ezta? Bere denbora librean egiten duen lana da, Konstituzioan jasotzen diren hainbat arauk babesten duten jarduna da eta, horrela ere, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak uste du laneko zigorra jartzea merezi duela. Erabaki horrek ezusteko itzela ekarri dio bere lanean errendimendurik onenetarikoa eskaintzen duen profesionalari, ebatzitako auzien eta emaniko epaitzen kopuruari erreparatzen badiogu. Hauxe da Botere judizialak Espainian hasi duen bide arriskutsua erakusten digun kasua. Botere hori da, zalantzarik gabe, estatu osoan azterketa eta aldarazpenik sakonenetakoa behar dutenetako bat.Hementxe bai funtzionatzen duela, eta ondo gainera, horren aipatua den kasta sistema. Profesioan gora egiteko prozeduran berdintasuna, meritua eta gaitasuna beti daude unean uneko gobernuarekiko fideltasuna neurtzeko galbahearen mende, bereziki, gobernu horrek gehiengo absolutua duenean. Horregatik erabaki genuen, hain zuzen ere, kasu hau Europar Batzordean aurkeztea.

Arazoa erreala da eta bere horretan segitzen du. Ikustea besterik ez dago Entzutegi Nazionalean, ustelkeria kasu bat, PPren finantzaketa irregularra agerian utzi duen Gürtel auzia, epaituko duen epaimahaia aukeratzeko prozesua. Gai hau Espainiako presidentea bera jartzen du kolokan. Mariano Rajoyk izenpetu zituen SMS-ak Madrilgo udal gobernuko kirol zinegotzia dimititzera eraman zuten txiste arrazistak eta humore beltzeko txioak bezain larriak dira, edo larriagoak,akaso.

Zapatarena larria da, bai, baina Rajoyrena, nire uste apalean, are okerragoa da. Florianoren antzeko bati entzungo al diogu gobernuko presidenteak bere alderdiko diruzainari «indartsu » segitzeko eta beren interesen aldeko epaimahaia aukeratuko ziotela iragartzeko bidali zizkion mezuak gaitzesten? . Horrek, Europako edozein herrialdetan, berehalako dimisioa eta hauteskundeak aurreratzea eragiten du. Eta, are okerragoa dena, orain argi eta garbi ikusi dugu eskaintza hura seriotan egin zela. Gürtel auzia epaituko duen epaimahaia, hau da, Barcenasek berak aitortu bezala berak administratzen zuen PPren B kutxari buruzko auzia epaitzeko epaileak bermatzaileak izango direlako, berauen artean Enrique López ezaguna.

Epaile ospetsu hori ezagunago egin da alderdi popularraren jarreraren alde egin dituen aldarrikapen eta jarduerengatik, arlo juridikoan egiten duen lanagatik baino. Esate baterako, Botere Judizialaren bozeramaile izan zen Francisco José Hernando Santiago , Eusko Legebiltzarreko mahaiaren kondena ekarri zuen ordezkapenaren egilea Botere Judizialaren Kontseiluko presidente izan zenean. Hori baino lehenago, auzitegi gorenak absoluzio ebazpen bi indargabetu zituen kasua beretzat hartzeko eta bere epaiaren alde egiteko.

Gero, Lopez izendatu zuten auzitegi konstituzionalak kasu honen inguruan eman zuen ebazpena idazteko arduradun. Gauza jakina zen «goi epaimahaia» izena hartzen duen epaimahaiaren osoko bilkurak bazuela Eusko Legebiltzarreko mahaiari arrazoia ematen zion epaia. PP han-hemenka aritu zen osoko bilkuran bozketa epaimahaia berriztatu arte atzeratzeko. Orduan Bierzoko epaileari eskatu zitzaion epaia eta, kasualitate hutsez, epaile eta parte zenak agiri hartan berretsi zituen aurreko ardura tokian esan zituen argudio berberak. Agiri haren kontra emaniko boto partikularrek argi eta garbi erakusten dute epai hura nola idatzi zen . Auzi hori ere Bruselara ekarri genuen botere judizialaren «independentziaren» adibide gisa, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegian salatu egin dugu .

Horregatik,hain zuzen, eta bisita hori duela aste batzuk izan genuen arren, egoki iruditu zait testigantza hori hemen gogoratzea. Orain arte ez dut kronika hau idazteko denborarik izan eta ez dut gaia jorratu gabe utzi nahi. Aldi berean, azpimarratu egin behar dut interbentzio hori ere eman zela bizitza instituzionalean katalanofobiak dituen eraginak aztertzeko egin ziren jardunaldietan. Guk ondotxo ezagutzen ditugu funtzionatzeko molde horrek dituen ondorioak. Estereotipo bat eraikitzen da eta edozer balio du seinalatua deskreditatzeko, kriminalizatezeko eta gizarte zibiletik kanporatzeko. Kasu honetan, catalunyar emakume eta gizonei ere dagokie, horietako askok independentziaren aldeko hautua egin dutelako. Guk ere sufritu genuen. ETAk erasotzen zuen bitartean, bortxakeria hura baliatu zuten euskal mundua kriminalizatzeko eta horrenbeste astakeri esan ziren, «cocidito madrileño» horiek jasotzen zituen irrati programa satirikoa irratiko saiorik entzutetsuena bihurtu zela .

Eta orain, eraso,astakeriak eta burla guztiak Catalunyara bideratzen dira eta ia edozer arrazoitzeko balio dute. Behin eta berriz, epaitegietako lupa azpian jartzen dira arlo politikora mugatu beharko liratekeen auzi politikoak, eta edozein arbitrariotasun defendatzen da «estatu auzia» adierazpen arriskutsuaren babespean.  Gainera, horiek denak egiten dituztenak «konstituzionalista» izena jartzen diote beren buruari. Ondo etorriko litzaieke Habermasen lanari birpasatxo ederra ematea. Gutxieneko izpiritu kritikoa balute erraz ikusiko lukete aldareetara eramaten duten konstituzio horrek ez duela lehenagoko demos partekaturik izan eta demokratizazio prozesuan ere , ez dela oso eredugarria izan. Historia garaikidea jorratzen duten tratatu eta liburu guztiek ondo baino hobeto azaltzen dute orduko kupula militarrak » lege nagusi» hura egiten ari ziren alderdien eztabaidetan nola esku hartu zuten.

Versión en castellano.

Tags: , , , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario