HAZI EGIN DA EUROPAR PARLAMENTUAK HIZKUNTZA GUTXITUEKIKO DUEN INTERESA

fotoblog

Azken aste hauetan Europar Parlamentuan gertakari batzuk ikusi ditugu, Europa mailan erregio eta estaturik gabeko nazioetako hizkuntzen etorkizunaz pentsatzean apur bat baikor egotera ekarri nauenak. Apatia egoera batetik edo formak gordetze hutsetik igaro gara  apur bat ezberdina den egoera batetara. Benetan uste dut mugimendu hori, zati batean behintzat, Alfonsi Txostenari zor diogula. Gutxiengoen intertaldeak eginiko lanari esker ere bai, jakina!. Baina, egia da azken asteotan han-hemenka  egin direla hizkuntza horien egoera jorratzeko ekitaldiak .

 Gune honetan azaldu nizuen aurreko batean  Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordea eta EBBren euskara arduradun Lorea Bilbao Bruselan izan zirela  LPND-k hizkuntza gutxituen ibilbide orriari buruz antolatu zuen ekitaldian. Datorren astean   hizkuntza hauetan egiten den  sorkuntza kulturalaren inguruko ekitaldia egingo da gutxiengoen intertaldeko presidente Nils Torwaldsek bideratua, eta  bereziki ekarriko dute Bruselara Kirmen Uribe idazlea.  Bien bitartean, PPko diputatu  Csaba Sógor-ek  hitzaldi bat antolatu du Herbert Dorfman (EPP) eta Jill Evans-ekin ( berdeak, europar aliantza librea) Europako hizkuntza gutxituek izan dezaketen etorkizunaren inguruan. Hamabostaldi batean ezin liteke gehiago eskatu. Eta, hori bai dela berria, eta  bai dela europar erakundeen aldetik gai honi ongi etorria ematea. Aurreko urteotan  hainbat adierazpen, karta, hitzarmen eta antzeko hainbat tresna ez lotesleak egin ziren , borondate onarekin, bai, baina  hitz hutsetan geratu  ziren hizkuntza gutxituen egoeraren aurrean. Europako PP alderdiak iragarri du apirilaren 22an  gutxiengoei buruzko hitzaldia egingo duela. Ikusteko modukoa izango da Espainiako PP alderdiak horren inguruan erakusten duen jarrera, batez ere zigor kodea eskuan daramalako beti, espainiarraz besteko hizkuntza eta nazioen oinarrizko eskubideez ari garenean.

 Mintegia  egin da ama hizkuntzaren nazioarteko eguna ospatu zen aste berean ( otsailak 21). Ezin izan nintzen bertan egon, aste hau zoratzekoa izan delako eta egun horretan bertan bozketak eta jorratzeko gaiak nituelako garraio eta arrantza gaietan. Dakizuenez, bietan naiz txostengile. Dena dela EAJ-PNV bertan izan zen, Bruselako taldea izan zen.Kronika honen bidez partekatuko dugu  haren laburpena .

 Benetan atsegin izan nuen mintegia antolatu zuten diputatuek gaia jorratzeko erabili zuten ikuspuntua. Eleaniztasunak europar hiritarren arteko batasuna lortzeko duen balioa azpimarratzeaz gain, esan egin zuten gai hau oinarrizko eskubide eta demokrazia kontua ere badela. Jardunaldiaren amaieran ondorioztatu zen  europar legeri loteslea behar dugula estatuek hizkuntza hauen  hiztunak eta beren oinarrizko eskubideak errespeta ditzaten.

 Hizkuntzen aniztasuna sustatzeko sareko idazkari nagusi Vicent Climent-Ferrandok batasuneko estatuek hizkuntza gutxituei aplikatzen dizkieten politika ezberdinen ibilbidea egin zuen. Era berean azpimarratu zuen europar erakundeen aldetik hizkuntza gutxitu guztiek ere ez dutela begirune eta kontsiderazio maila bera, etorkinen hizkuntzei gertatzen zaien bezala.

 Hungariako gutxiengoen egoera aztertzeko institutuko Zoltán Kantor-ek lan erabat politikoa azaldu zuen. Bere hitzetan, estatuek, oro har,  homogeneizazio kulturalerako hizkuntza politikoak aplikatzeko joera dute, gutxiengoek saiakera horri aurre egiten dioten bitartean, hizkuntza ezinbestekoa baita nazio nortasun baten kontakizunean. Analisiak berarekin ekarri zuen galdera bat: Nork  du hizkuntza politika  erabakitzeko eta ezartzeko boterea? Zergatik?   

 Sebahattin Abdurrahman-ek ordezkatzen du Greziako mendebaldean bizi den gutxiengo turkiarra. Turkiako agintariei entzun nahiko nieken diskurtsoa egin zuen,  beren gutxiengoen eskubideen aurrean entzungorrarena egiteko joera nabarmena baitute . Adibide batzuk eman zituen osasunean, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuen alorrean  hizkuntzagatik ematen diren diskriminazioak azaltzeko, eta estatuaren eta gutxiengo horien arteko elkarrizketaren alde egin zuen, gutxiengo horien beharrei eta interesei erantzuteko.

 Belgikarren egoera berezia da europar esparruan eta hori azaldu zuen  Bruselako Unibertsitate Askeko  Rudy Janssens-ek . Berak azaldu zuen  hizkuntza ezberdinak erabiltzen direla  hizkuntza erkidego ezberdinek zatitua dagoen herrialdean ematen diren gatazkak gutxitzeko tresna gisa .

 Goiz hartako beste hitzaldi esanguratsua  Bolzanoko unibertsitate askeko  Paul Videsott-ena izan zela uste dut.   Ladinera  hizkuntzaren egoeraz hitz egin zuen. Latinetik datorren hizkuntza da hau, Tirol eskualdeko hegoaldean hitz egiten dena, eta alderdi germanofono eta italiera hitz egiten den lurralde artean kokatzen da. Hiztun gutxienetako hizkuntza da Europan, eta oso mehatxatuta dago inguruko hizkuntza nagusien presioagatik. Oso adibide grafikoen bidez azaldu zuen  Ladineraz heztea dela hizkuntza hau babesteko funtsezko zerbait eta hizkuntza bere nortasun elementurik esanguratsuenetakoa dela erkidegoaren biziraupenerako. Antzeko hitzak esan zituen   Hanne Wilhem-Kel suitzarrrak. Laussane-ko aliantzako kide honek azaldu zuen Wendish hizkuntza ikasteko esperientzia pertsonala, eta estatuei dei berezia egin zien aurrekontu handiagoak jar ditzatela  ohiko hezkuntzan aipatzen ez den ondarea defendatzeko.

 Eleaniztasunean aditua den  Johan Haggman-ek amaiera eman zien goizeko lanei, eta Europar Batzordearen aldetik eleaniztasunari eta hizkuntza gutxituei emandako laguntasunean eman diren atzera pausuak azaldu zituen. Bere hitzetan, Bruselak pertsonen oinarrizko giza eskubideen barruan dagoen gai batean ez sartzeko erabiltzen duen aitzakia da gai hori estatuen ardurakoa dela. Era berean aipatu zuen oraingo buruzagitza taldeak estatuei eskuduntzak itzultzeko joera duela eta gero eta handiagoak direla hizkuntza hauek sustatzeko funtsak lortzeko zailtasunak. Haggmanen eta hainbat parte hartzaileen ustetan,irtenbidea litzateke parlamentuan lan handiagoa egitea batzordeari gai honen inguruko legeria egitea derrigortzeko. Europar erakundeen borondatea handia izan daiteke filosofikoki, baina egintzek ibilbide laburra dute.  Eta, estatu kide batzuetan,eta horren adibidea litzateke Frantziar estatua, Europar Batasuneko kide bati ez dagokion bezala urratzen direlako hizkuntza gutxituetako hiztunek dituzten eskubideak .

Tags: , , , , , , , , , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario