EUROPAN HIZKUNTZA ANIZTAZUNERAKO BIDE ORRIRANTZ
Euskaldunok badugu aste honetan zer ospatu. Europak ondo baloratu du Euskadin hizkuntza alorrean egin den lana, hizkuntza bat ,euskara, duela hamarkada batzuk desagertzeko zorian zegoena berreskuratzeko eta biziberritzeko garatu den lana . Horregatik, Eusko Jaurlaritza gonbidatu dute Europan, hemendik maiatzera arte egingo diren jardunaldietako hizlari gisa parte har dezan, Europan hizkuntza aniztasunerako bide orria egitea helburu. Aste honetan eta nlpd delakoaren bidez ( hizkuntzen aniztasuna sustatzeko europar sarea) Patxi Baztarrikak eta Lorea Bilbaok lau ekarpen garrantzitsu egiteko aukera izan dute :
Egia da.Aniztasuna da europar egitasmoaren oinarrietako bat. Eta, neurri berean, bere biztanleen oinarrizko eskubideak babestea ere. Aniztasun hori , oztopo ulertezina balitz bezala hartu beharrean, aberastasun iturri jotzea izango litzateke horiek printzipio biak sinesten eta errespetatzen direlako seinale .
Askotan esan dugu , zein eskubide dagozkizun eta zein ez erabakitzen duena baldintza politiko administratiboak izatea, ulertezina eta kontraesankorra dela. Espainiar nazionalistei, Ibarretxeren Planak lehen mailako eta bigarren mailako euskal hiritarrak egotea ekarriko zuela esaten zutenei esango nieke inguru honetara etor daitezela. Hemen bai daudela lehen mailako eta bigarren mailako europar hiritarrak, bakoitzaren hizkuntza eskubideak kontuan hartzen baditugu. Maltako hiritarrak, bere estatu propioarekin, Txipreko batek, suediar edo finlandiar batek jakin badaki bere hizkuntza nazionalak ingelesa, gaztelaniaren eta frantsesaren maila berean dagoela. Catalunyarrari, ordea, arestiko hizkuntza horiek baino hiztun gehiago izan arren, ez diote balio hori ematen. Arrazoia oso sinplea da: Catalunya ez da estatua. Gauza bera gertatzen zaio euskarari .
Paradoxa horiek konpontzeko aritu izan gara urteotan eztabaida eta hausnarketa pizten. Bereziki poztu egin naute aurreko legegintzaldian ahalegin handiarekin landu genituen agiri bi, bide orri hori ezartzeko lan oinarri eta erreferentzia gisa aipatu izanak. Agiri horiek dira Estrasburgoko adierazpena eta Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzei buruz parlamentuak eginiko txostena. Bereziki poztu egin naiz euskal herritik egin diren ekarpenak interes eta begirune handiz entzun direla ikustean. Alor honetan ari diren erakunde eta talde guztiek maiatzera arte dute ideiak eta ekarpenak aurkezteko epea. Urrian, maila goreneko konferentzian behin betiko agiria bukatzeko lana egingo da . 2015 urte bukaeratik eta 2019 urte bitartean adostuko diren neurriak ezarriko dira eta emaitzak aztertuko dira, eta 2019 urtean hasiko da 2027 urtera arteko aldian aniztasuna sustatzeko erabiliko den aurrekontua prestatzeko lana.
Momentuz, bide orriak oso itxura ona dauka. Lau arrazoi ditu Europan hizkuntza aniztasuna , hizkuntza aniztasun guzti-guztia sustatzeko. Lehenengo eta behin , hemen hitz egiten diren hizkuntza guztiek beren tokia izatea hobesten duelako. Gainera, neurriak planteatuko ditu hizkuntza guztiek oinarrizko funtzioa izan dezaten kohesiorako, norbanakoaren garapenerako, mugikortasun profesionalerako eta garapen ekonomikorako. Hirugarren tokian, kapitulu berria irekitzen da, teknologia berriak irakaskuntza eta kultur produkzio eta hedakuntza alorrean ez daitezela hizkuntza handien ondare esklusibo izan. Amaitzeko, toki berezia dago desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babesteko. Ikusten duzuenez, gure proposamenek ere helburu horiek bilatzen dituzte. Gaur egun «nola» » zer» bezain garrantzitsua delako.
Maiatzean eta urrian hasiko da bere fruituak ematen oraintsu hasitako hausnarketa prozesu hau. Euskara eta euskaldunek hizkuntza biziberritzeko egindako lana izango dira Europak bere hizkuntza gutxituei ematen dien tratamenduaren hobekuntzarako hazi eta sorburu.
Category: Blog
Comentarios (1)
Trackback URL | Comentarios Feed RSS
Sitios que enlazan a este Post