EUSKAL SELEKZIOAK, BRUSELAN
Aste honetan prozesu bat jarri dugu martxan, eta itxaropen handiak jarri ditut ekimen horretan. Guk guztiok pentsatzen dugu nazioarteko lehiaketetan Euskadiren ordezkaritzan parte hartu nahi duten kirolari guztiek horretarako eskubidea izan beharko luketela. Benetan uste dugu guztiz zilegia dela eta erabat egingarria. Eta, gure jarrera hori azaltzen saiatuko gara eta Europar Legebiltzarrean arituko gara aldarri horren aldeko babes bila. Bide berria erabiliko dugu horretarako, eta oinarri izango ditugu egintzak eta argudio juridikoak .
Egintzak argi eta garbi daude. Aldarri sendo eta irmoa dago eta denboran zehar bizi-biririk egon dena, euskal kirolariak nazioarteko kirol lehiaketetan Euskadiren ordezkaritzan parte hartzearen aldekoa. Aurrekariak ere badaude, honakoa borondate politiko kontua dela erakusten dutenak. Argi eta garbi erakusten dute hori Eskozia, Ingalaterra edo Galeseko selekzioek eta Euskal Sokatira federazioak, euskal herritarrak euskal izenarekin lehiatu ahal direlako mundu osoan. Horregatik uste dugu ez dagoela eragozpen juridiko handiegirik, aldarri hori errealitate bihur dadin.
Hori dela eta, aste honetan bertan, Europar Batzordeari planteatu diogu euskal federatuei nazioarteko lehiaketan parte hartzeko orduan eragiten zaien murrizketak batasuneko zuzenbidearekin bat ote datozen. Ekimen honen oinarrian dago kirol federazioen izaera pribatua, eta hauetan Batasuneko zuzenbidearen oinarrizko printzipioak aplikatzen direla. Oinarrizko printzipio hauek dira diskriminaziorik eza eta zirkulazio askea, eta horiek barne araudietan horren kontra egon daitezkeen aurreikuspenen gainetik lehenesten dira .
Ekimen hau da hurrengo asteotan Europar Parlamentuko gutxiengo nazionalen intertaldearen baitan planteatuko dugun proposamen sakonago baten hitzaurrea. Hain zuzen ere, parlamentuko lan talde honen barruan gai honen inguruko bilera egitea proposatuko dugu, eta bertara gonbidatuko ditugu Batasuneko zuzenbidean adituak, erakundeetako ordezkariak eta estaturik gabeko nazioetako kirol selekzioen sustatzaileak. Foro honetan egingo den eztabaida irekitik proposamenak irtengo dira europar erakundeetan ekimenak aurkezteko eta murrizketa hauek batasunaren zuzenbidearekiko dituzten kontraesanak azaltzeko eta ezabatzeko. Era berean azpimarratuko dira Britainia Handiko hainbat federaziori eragiten dietenak moduko kasu praktikoak, nazioarteko esparruan lehiatzeko eskubidea onartu egiten zaielarik.
Gure ekimena bi zutabetan oinarritzen da: barne ordenamenduak Euskadiri kirol gaietarako ematen dion eskuduntza esklusiboa eta Batasuneko judisprudentziak kirol federazioei enpresa edo enpresa elkarte izaera ematen diela . Ikuspuntu horretatik, EAJk uste du Batasuneko zuzenbideko oinarrizko printzipio diren diskriminaziorik eza, zirkulazio askea eta lehiakortasun askea, erabat aplikagarriak direla izaera pribatuko erakundeetan eta beren barne araudien gainetik lehenetsi behar direla. Beraz, araudi horiek ezin litezke izaera orokorreko printzipio hauen kontrakoak izan. Herrialde federazioak, beste herrialdetan jarduten dute, zeinetan bertako herrialde agintariek eskuduntza esklusiboa duten kirol federatuaren praktikaren antolakuntzan eta herrialde horretan egiten diren kirol lehiaketetan .
Hori dela eta, prozesua abian jartzeko orduan galdera bat egin diogu Europar Batzordeari, lehenago esandako printzipio bi horiek gogoratzeko eta Batasunaren gobernuari eskatzeko euskal federatuei ezartzen zaizkien murrizketak Batasuneko zuzenbidearekin bateragarriak ote diren erantzun dezan. Ondotxo ezagutzen ditut Europar Batasunaren praktikak, eta ez litzateke horren arraroa izango euren burua zuritzea eta gai hori auzi merkantilak aztertzen dituzten epaitegiek ebatzi beharko luketela esatea, epaitegi horiek federazioen gaiak aztertzen dituztela aitzakiatzat hartuta, baina, hori ere bada zerbait. Eta hori baino gehiago da guk bide honetarako jarri dugun helburu bikoitza. Alde batetik, hemen, Europan aztertu nahi dugu gai honek izango lukeen ibilbide legala. Eta, beste alde batetik, gure hiru koloreko bandera existitzen dela erakustea, gure elastikoa oso kontuan hartzen dutenak badaudela eta, gutxienez, zentzuzkoena dela kirolari askok eta askok kirol lehiaketetan ingelesen pareko, galiar eta Eskoziaren pareko izateko duten gurariari begirune osoz entzun behar zaiola. Lege paradoxak dira horiek, argi erakusten dutenak borondatea baldin badago,ezinezkorik ez dagoela .
Category: Blog
Comentarios (1)
Trackback URL | Comentarios Feed RSS
Sitios que enlazan a este Post