EUROPAZ IKASTEN TRAFIKO ISUNEI ESKER

| 15 febrero 2015 | Responder

ACCIDENTESTRAFICO

Aste honetan, Europar Legebiltzarreko osoko bilkuran onartu dugu batasunaren erakundeen egituraketa zein konplikatua den ulertzen laguntzen digun arauetako bat. Baina, beste alde batetik, erakunde horien garrantzia ulertzen dugu,  europar erakundeetatik ez bada, konpondu ezin diren arazoentzako soluzioa bilatzeko. 

Onartu berri dugun zuzentarau honek ulertzen erraza baina konpontzen zaila den arazoa konpontzen du. Prozedura bat bilatu behar da estatu kide bateko gidariek beste estatu kide batean egiten dituzten trafiko arau hauste larriak zigortzeko, gehiegitan nazioarteko trafikoagatik bereziki arriskutsuak diren errepide batzuetako istripu kopurua  areagotzen delako. Beren herrialdetik kanpo dabiltzan gidariek, orain arte pentsatzen zuten beren ibilgailuetako matrikula plakak gardenak eta ikusiezinak zirela, eta abiadura kontrolatzen duten radarrek  harrapatzen ez zituztela. Halako jokaerak oso gutxitan izan dira zigortuak, ez bada arau haustea  bereziki larria izan denean eta gidaria   bidesaria ordaintzeko kabinaren batean «infraganti» harrapatua izan denean. Etxean gidatzen dugunok bai gidatzen dugu isun horren beldur. Ondorioz, errepide  batzuk arriskutsuago egiten dira eta tratu ezberdina ematen da batasuneko hiritar ezberdinen artean, jokaera berdintsua izan arren. 

Arazo hori konpontzeko helburuarekin, zazpi urtetan aritu izan gara hainbat tabu gainditu behar izan dituen zuzentaraua egiteko. Lehenengo eta behin, estatu kideetako poliziek informazioa partekatzeko orduan duten arazoa. Gainera, zirkulazio kode batzuk  ez dira oso zehatzak eta estatu kide diren batzuen egoera – Danimarka, Irlanda eta Erresuma Batua- nahiko berezia da  estatu kideen arteko lankidetza judizial eta polizialean oinarritutako akordioei dagokienez. 

Izan ere, lankidetza hura izan zen zuzentaraua egiteko oinarri juridikoa. Luxenburgoko Europar Batasunen Epaimahaiak , ordea, aurreko testua indargabetu zuen egokiagoa izango zelakoan Europak garraio arloan dituen eskuduntzak oinarritzat jotzea. Azkenean, zuzentarauak argia ikusi du azkenean, eta gaurtik aurrera europar errepideetan ez da inpunitaterik egongo gehiegizko abiaduran gidatzen duten, segurtasun uhala erabiltzen ez duten, telefonoz hitz egiten duten edo alkohola edo beste drogen eraginpean gidatzen duten pertsonentzat. Lan honetan, niri tokatu zait negoziaketak ALDE taldearen izenean eramatea, hemen » itzalpeko txostengile» izenarekin ezagutzen dena. 

Osasunaren Munduko Erakundeak  bere azterlanetan gogoratu du trafiko istripua dela mundu osoan heriotza eragiten duten  kausen zerrendako zazpigarrena, eta 2030urtean bosgarrena izango da orain arte istripuak murrizteko orduan arrakastarik handiena izan duten neurriei gogor ekin ezean. Gehiegizko abiadura prebenitzea, segurtasun uhala edo kaskoa erabiltzea sustatzea, drogak eta alkoholaren kontsumoa saihestea, arreta galtzeak prebenitzea eta trafiko seinaleak errespetatzea sustatzea bezalako neurriek istripu kopurua eta beren larritasuna murrizten dute. Antzeko eragina dute gai hauekin zerikusia duten jokaera okerrak zigortzeko neurriek . 

Azaldu dizuedan zuzentarau honek estatu kideen arteko lankidetza eta datu trukaketa hobetzea du helburu, Europa osoan bideetako segurtasuna hobetzeko. Oinarri juridikoa aldatzeak ere ekarriko du Danimarkak, Erresuma Batuak eta Irlandak ere zuzentarau hau beren legerian aplikatzea. Helburu nagusia da trafikoaren kontrolean eskuduntza duten agintarien artean Europa osoan ibilgailuen matrikula datuak partekatzea, eta lehenago esandako trafiko arauak hausten dituztenak zigortzeko modua egon dadila Europar Batasuneko estatu kide guztietan. Era berean espero dut  gai honetako eskuduntzak deszentralizatuta dituzten estatu kideen arteko lankidetza sustatzea. Gure kasua da hori. Eta, zentzu horretan espero dugu Ertzaintzak izatea matrikula eta arau hausleen datu baseetan zuzenean sartzeko aukera. 

Zuzentarau honek lagundu behar du Europa osoan istripu tasa maila berean murrizten. Europa da, mundu osoan, trafiko istripuetan milioi bat biztanleka  heriotza gutxien ematen den erregioa. Baina biktimen banaketan eta ezbehar kopuruan ezberdintasun handiak ematen dira estatu kideen artean. Bermatu egin behar dena da arau hausterik arriskutsuenak Batasun osoan kontrolatu ahal izatea. Horrela lortuko dugu istripu gehien dituzten herrialdeek neurriak hartzea azpiegituren alorrean, ibilgailu parkeari dagokionez , Europar Batasunean, europar milioi bakoitzeko 55  heriotza dakartzan drama saihestu ahal izateko.  

Tags: , , , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario