«ESPAÑA CAÑÍ»

 

ELEN-en ordezkariek Genevan beraren txoztena aurkeztu zuten

ELEN-en ordezkariek Genevan beraren txoztena aurkeztu zuten

Aste honetan  galdera egin diogu   Europar Batzordeari , hizkuntzen arteko berdintasuna sustatzeko europar sareak (ELEN)  Nazio Batuen erakundean aurkeztu duen txostenak ekarritako ondorio gogorretan oinarri. Lan honekin batu eta aztertu dira Espainiar estatuan 2007 eta 2013 urte bitartean burutu ziren  hainbat hizkuntza diskriminazio kasu, eta ondorio modura esaten du espainiar agintariak ,esparru judizialekoak bereziki, oso urrun daudela Espainiar estatu barruan  gaztelaniaz aparte hitz egiten diren  beste hizkuntza ofizialak propiotzat hartzetik.  

Ez naute batere harritzen txosten honetan islatzen diren emaitzek, ageri-agerikoa baita erakunde ofizial batzuek euskararekiko erakusten duten  ezjakintasuna eta mesprezua.  Halako ehunka kasu aipatuko nituzke. Eusko Legebiltzarreko Presidente izan nintzen garaian, gogoan dut  gai honen inguruan beste parlamentu bateko presidentearekin izan nuen elkarrizketa surrealista. Bekatua bai azalduko dut, baina bekatariaren izena ez dut emango, denon aurrean lotsagarri ez uzteko. Elkarrizketa hartan esan zidan euskaraz hitz egiteko nahia desberdintasun zentzugabea markatzeko egiten genuela. Ezin zuen sinetsi , nire etxean, esate baterako, gaztelaniarik ez egitea eta euskara nire lehen hizkuntza izatea, nire ama hizkuntza. Ez zitzaion buruan sartzen gure ama hizkuntza erabili nahi izatea, euskaraz hitz egiteko eskubidea aldarrikatzea, gure herrian, gure erakundeetan, babestu beharreko eskubidea izatea . Eta, teorian behintzat , presidente hau «progresistatzat» jotzen den alderdi bateko kidea zen. 

 Ez dut ondo ulertzen Euskadiren espainiartasuna  eta Espainiaren batasuna eskatzen duten bitartean, euskal kultura eta hizkuntzaren inguruan ezjakintasuna erakusten dutenek egiten duten diskurtso hori .Defendatzen dutena sinetsiko balute, argi izan beharko lukete euskara beren ondarearen parte dela, eta interesa hartu eta babestu beharko luketela. Zoritxarrez «habla en cristiano» hori indarrean dago oraindik pertsona askoren baloreen baitan, eta are okerragoa dena, esparru judizialeko hainbat agintariren buruan. Erabat onartezin jotzen ditut ELEN-en txostenaren arabera epaileek eginiko jarduera batzuk . Horietako bat aipatuko dut: ebazpen batean, banandutako aita batek bere alabaren zaintza galdu zuen «catalunyarrez hitz egiteagatik». Esparru honetan ezjakintasun sakona  eta begirunerik  ezarik absolutuena erakusten da, gaztelaniatik kanpo dagoen unibertso kultural eta sozialarekiko .  

Horregatik, ELEN-en txostena jaso bezain laster, ekimena aurkeztea erabaki nuen Europar Batzordeari Espainian sistematikoki urratzen diren hizkuntza eskubideez ohartarazteko. «Gaztelania ez diren estatuko hizkuntza ofizialen kontrako diskriminazioa sistemikoa da estatuko agintarien aldetik» ezartzen da agirian . 

ELEN-ek (European Language Equality Network)erakundeak aurkeztu duen txostenak Espainiako hizkuntza koofizialen eta asturiar eta aragoar hizkuntzen egora aztertzen du, 2007 eta 2013 urte bitartean jaso diren kasuetan oinarrituta. Egileek bost ondorio gogor atera dituzte estatuko agintariek hizkuntza aniztasunaren inguruan indarrean dagoen legeria betetzearekiko erakusten duten begirunerik ezari buruz.Txostenak azpimarratzen duenez, agintariek halako jarduerak jasan eta sustatu egiten dituzte funtzionario, ofizial eta eragile publikoen artean. Era berean azpimarratzen du botere judizialak, poliziak eta hezkuntza sistemak eta osasunak erraz barneratzen dituztela estatuan hizkuntza gutxituen kontra  dauden jarrerak, eta, horrez gain, «jarrera ezegokiak» eragiten dituztela. Aztertu diren egoera zehatz batzuetan oinarrituta, txostenaren egileek azpimarratu dute gaztelania ez diren hizkuntzen kontrako diskriminazioa sistemikoa dela estatuko agintarien artean,eta diskriminazio hori instituzionalizatu egin dela .  

Txostenak azaltzen du halako jarrerek gutxiengoen eskubideak babesteko dauden hamar adierazpen,gutun eta xedapen urratzen dituztela. Horien artean daude Giza Eskubideen Adierazpena, Umeen Eskubideen Adierazpena, Kultur Adierazpenen aniztasuna Babesteko karta, hizkuntza gutxituen eta erregioetako hizkuntzen karta, eta abar . 

Amaitzeko, azterlan hau bereziki kritikoa da justizia administrazioarekin «hiritarrek  tratu berdina jasotzeko duten eskubidea babestu behar duelako» eta «gaztelania ez diren beste hizkuntzak hitz egiten dituzten hiztunak babesik gabe uzteko joera duelako». Txostenak azpimarratzen du espainiar erakunde judizialetan gora egiteko bidea «agortuta» dagoela ikusirik » arrazoiak  egon badaude Giza Eskubideen Europar Auzitegira, Europar Justizia Gortera eta Hagako Auzitegira jotzeko» . 

 ELEN-ek  aurkeztu duen lanak, catalunyarraren, galegoaren, euskararen eta asturiar  eta aragoar hizkuntzen egoerari buruzko eranskinak barnean hartzen dituelarik, euskal hizkuntzaren kasuan salatzen du Nafarroan garatzen den hizkuntza politika. Erkidego honetan «bi hiritar mota daude: gaztelaniaz hitz egiten dutenak, lurralde osoan eskubide berberak dituztenak, eta euskaldunak, beren hizkuntza erabiltzerik ez dutenak». Kritika ere  gogorra da Nafarroako hezkuntza ereduaren kontra. Kasu honetan, euskal guneen eta euskaldun ez diren guneen artean dagoen diskriminazioaz aparte,  bereziki larri jotzen da Guardia Zibilak eginiko txostena, 1652 irakasle lotzen baitziren «legez kanpoko erakunde sozial eta politikekin». «Euskara eta terrorismoa uztartzeko saiakera etengabea erabat onartezina da demokrazia batean» ezarri du ELEN-ek. Azterlanean azpimarratzen da urratze hauek ez direla soilik Nafarroan gertatzen eta hainbat gertakari azaltzen dira euskal autonomi erkidegoan justiziaren funtzionamenduari eta euskararen erabilerari dagokionez.  

Zaharra berri. Halako lanak irakurtzen ditudan guztietan, malenkoniatsu  eta ilun jartzen naiz. Gaztelar elebakarrak militante sutsuak dira eta ez dute ulertzen guk ere gure ama hizkuntza defendatzeko eskubide hori berori dugula. Sakrilegio jotzen dute Cervantes ez ezagutzea. Horren aurrean, literaturazale naizen eta gaztelaniaz ere literatura asko eta ona kontsumitzen dudan  aldetik, harrigarri  eta negargarri egiten zait gaztelaniaren militante batzuek Axularrez galdetzen zaienean ematen duten erantzuna. Adibide bat emango dizuet : 

Entzun duzue, Cesar Vidal, Zuzenbidean doktorea, zortzi hizkuntza hitz egiten omen ditu eta hamasei itzultzen, irakurlea omen da, hainbat erakunde akademikoetako  kide da, ustez; munduan bidaiatu omen da, mundua ezagutzen omen du, baina horrek ez du horren lotsagarri geratzetik  libratu, ageri-agerian utzi du bere ezjakintasuna eta lotsagabekeria . Barregarria litzateke, hizketa honen azpian dauden mesprezua eta sektarismoa, esan dizuedan txostenaren emaitzetan islatuko ez balira. Hori ote da demokrata izatea?

Tags: , , , , , , ,

Category: Blog

Deja un comentario