EUROPAN URTE ONA EUSKARARENTZAT
Asteon, Iñaki Irazabalbeitia Aralar taldeko eurodiputatuarekin batera, beste ekimen bat jarri dut martxan Frantziar estatuari, bere lurralde barruan euskarari ematen dion estatusa birplanteatzeko beharra adierazteko. Zehatzago esanda, Bruselan Euskadiko ordezkari garen gu bion artean, Europar Batzordeari zuzendutako galdera izenpetu eta aurkeztu dugu Frantziako gobernuak iazko urtean » Antxeta irratiari» «Emakumeen Ahotsa » egitasmoa garatzeko eman zion diru-laguntasuna aurtengo ekitaldian zergatik kendu dion jakiteko. Diru-laguntasun hori zetorren «Gazteak ekinean» izeneko europar egitasmotik. Eta, Frantziaren kasuan funts hauek Frantziako Gobernuak berak gobernatzen ditu. Egitasmo hau kudeatzen duen frantziar agentziak eman duen arrazoia izan da «emakumeen ahotsa» ekimen honek europar edukirik ez duela eta Euskara hutsean eginda dagoela. Galdera egiteko planteamenduan bertan azaldu dugun moduan, erabaki hori hartu dutenek ez omen dakite euskara, berez, mugaz gaindiko harremanak sustatzen dituen elementua dela, Europar Parlamentuak euskararen kasuan onartu duen bezala. Gogora dezagun Europako Parlamentuak » Europar Hiritarra» saria Euskaltzaindiari eman diola zentzu honetan egiten duen lanagatik . Egitasmoak , era berean, mugaren alde biotako emakumeak sartzen ditu tartean, eta Bidasoa ibaiaren alde bietan kokatutako udalerrietara iristen da, besteak beste Hendaia, Biriatu eta Urruña (Frantzian) eta Hondarribia eta Irun ( Espainiar Estatuan). «Emakumeen ahotsa» egitasmoaren helburua da inguruko emakume gazteei irrati programa bat egiteko eta kudeatzeko gaitasuna ematea, Europan hedatu eta bultzatu nahi diren baloreak hedatzeko eta bultzatzeko,besteak beste genero berdintasuna eta solidariotasuna . Jarduera garatzen den ingurua benetako europar bidegurutzea da, Afrika,Latinamerika eta Europako ekialdeko etorkinak hartzen dituen gunea eta mugaz gaindiko lankidetza egitasmoen egiazko laborategia. Egitasmoak laguntasunak jaso zituen «Gazteak ekinean» izenburuko egitasmoaren aurreko edizioan. Eta horregatik, benetan arraro egiten zaizkigu Frantziako agintarien erabakiarekin azaldu diren zioak . Batzordeari eskatu diogu bere erabaki hori berraztertzea, izan daitekeelako europar hiritarrak diskriminatzea Europako hizkuntza gutxituak erabiliz Europaren eraikuntzan laguntzeko ekimenetan ari direlako. Zentzu honetan ere interpretatu behar dira Aralarrekin batera eta Catalunyako hainbat diputaturekin elkarlanean garatzen ari garen jarduerak, Frantziak, behingoz, Hizkuntza gutxituen karta izenpe dezan, eta esan dizuedan gertakaria bezalakoak gehiago gerta ez daitezen . Edozein kasutan, aurreko urtea benetan ona izan da euskararen presentzia Europar Erakundeetan indartzeko. Lortu ditugunen artean, bost zedarri garrantzitsu azpimarratuko nituzke :
- Euskaltzaindiarentzat «Europar Hiritarra» saria lortu dugu. Euskaltzaindia erakundearen kandidatura aurkeztu eta defendatu genuen, eta azkenean saria lortu zen. Europar Parlamentuko Presidenteak sari hau eman zion Bruselan Andres Urrutia Presidenteari.Bruselako ekitaldia baino lehenago,Madrilen ere aurkeztu eta ospatu zen.
- Euskararen lurraldeetako ordezkariak Estrasburgon izan ziren euskararen egoera azaltzeko eta euskararen inguruan onartu diren politika publiko ezberdinek izan dituzten emaitzak azaltzeko. Nafarroako gobernuko ordezkariei ez zitzaien gustatu beren politikek gure hizkuntzan duten eragina datuetan hain argi azaltzea, eta protesta formala egin zuten. Datuak argitaratzeagatik eta zabaltzeagatik soilik .
- Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen defentsari buruzko Alfonsí Txostena onartzea. Agiri garrantzitsu horretan oinarrizko printzipioak sartzea lortu genuen Eusko Jaurlaritzarekin batera landu genituen 17 zuzenketen bidez. Estekan ikusten duzuen bezala, txostena euro-ganberaren gehiengo zabal batez onartu zen .
- Estrasburgon Euskalherria Irratiaren agerraldia antolatzea, irrati horrek pairatu dituen politika eta erasoak azaltzeko.
- Hizkuntza gutxituetan eginiko kultur produkzioa Europar Batzordeak kultur industria babesteko abian jarri duen egitasmo berriaren barruan sartzea. Erabaki horren berri eman genuen Euskararen Nazioarteko Egunean. Batzordearen aldetik albiste hori jaso genuen Europa Sortzailea egitasmoaren jarraipena egiten ari ginen bitartean. Dakizuenez egitasmo horrek lehenagoko egitasmo guztiak ordezkatzen ditu, sorkuntzazko jarduera industriala babesteko lana bakoitza bere aldetik eta sakabanatuta egiten zutenak .
Hurrengo hilabeteotan ere, dinamika horrekin jarraituko dugu. Emango dugun hurrengo urratsa izango da Euskadin Alfonsi txostenaren edukiak azaltzeko ekitaldia antolatzea eta egitea. Garrantzi bizikoa da hau euskararentzat, eta primeran datorkigu Aznarren taldeko sermolari horiei merezi duten erantzuna emateko. Haserre omen dago baten bat, euskaldunok euskara maite dugulako eta euskara babestu nahi dugulako, eta erabaki irmoa hartu dugulako Europan eta mundu osoan euskara hizkuntza bizia izan dadin. Eskerrak halako testu iraingarri horiek izenpetzen dituzten batzuek beren buruari «progre» izena ematen dioten…Dena dela, hurrengo asteotan eta halako «sasi-maisuen» harridurarako, euro-ganberak gurea bezalako hizkuntza, kultura eta nazioen azterketan sakonduko du, Osoko Bilkuran eztabaida interesgarria piztuko duen ahozko galdera baten tramitearen bidez. Ekimen horrek ere zer kontatu ugari ekarriko digu etorkizunean .
Category: Blog
Comentarios (1)
Trackback URL | Comentarios Feed RSS
Sitios que enlazan a este Post